'Martin Zalakain'

Larunbatean estreinatuko dute 'Martin Zalakain' ikuskizuna, Bilboko Arriaga antzokian

Pio Baroja idazlearen ‘Zalakain abenturazalea’ eleberria hartu du oinarri Juan Antonio Urbeltz koreografoak dantza ikuskizuna sortzeko. Harkaitz Canok sortu du antzezlanerako gidoia, eta Ander Lipus aktoreak hezurmamituko du.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko azaroaren 8a
15:43
Entzun

Genero nahasketa da ikuskizunaren ezaugarri nagusia: dantza, musika eta antzerkia biltzen baititu lanak. Labur azaldu du Juan Antonio Urbeltz koreografoak piezaren izaera: “Narrazio dramatikoa duen dantza ikuskizuna da Martin Zalakain”. Euskal Herrian ez dago halako lanak sortzeko ohiturarik, eta hazi bat ereiteko saioa dela nabarmendu du. “Herri guztiek unibertsaltasunaren hazi bat dute beren herri kulturan. Baina ez da erraza horri forma ematea”.

Saiakera egin du koreografoak, eta Martin Zalakain pertsonaia aukeratu du horretarako. “Heroi tradizionalek duten karga erromantikoa eta dramatikoa du pertsonaiak, eta Euskal Herriko XIX. mendea ere azaltzen du”. 1922an idatzi zuen Zalakain abenturazalea eleberria Pio Baroja idazleak (Donostia, 1872-Madril, 1956). Bada, 250 orriko eleberria bost orritara eraman du Harkaitz Cano idazleak ikuskizunerako, eta Ander Lipus aktorea jarri du Barojaren azalean.

Urbeltzen sorkuntzaren gainean lan egin du Canok. “Gidoia dantzak ematen du. Niri Juananek eta Mikelek dantzatu zidaten txaloekin eta kantatzen, maketa bat bezala azaldu zidaten gidoia. Hortik abiatuta, nire lana izan da dantzak protagonismoa duen obra batean printza txiki batzuekin haritxo bat sortzea”. Urbeltzen deia jaso eta berehala hartu zuen egitasmoan parte hartzeko erronka Lipusek. Aktorearekin batera 80 dantzari izango dira agertokian. Urbeltzek gidatzen duen Argia dantza konpainiaz gain, beste bost talde ere arituko dira: Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Iruñeko Duguna, Miarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.