Baionan hasi ziren errodatzen, joan den urtarrilaren 27an, Joxean Lasak eta Joxi Zabalak 1983an pairatu zituzten bahiketa, torturak eta hilketa pantailaratuko dituen pelikula. Malok (Donostia, 1965) adierazi du aurreneko aldiz ari dela benetako gertakizunekin lanean, eta "tentuz" jokatzen ari dela. Gainera, "errespetua" sorrarazten dio kontatuko duenak: "Ez dut ez alde batera ez bestera jo nahi, eta ez da nire asmoa historiaren panfleto bat egitea. Hori bai, kasu honetan oso argi daukat zeinen alde nagoen eta non kokatzen naizen. Hura basakeria bat izan zen". Haren helburua kontakizun intimo bat osatzea dela esan du Frio sol de invierno-ren (2004) egileak. "Hasieratik argi eduki nuen ikuspegi humanoa eman nahi niola politikoa eman beharrean".
Hilerrira hilkutxak heldu zireneko eta Ertzaintzako kideak bildutakoen kontra bortizki oldartu zireneko momentuak filmatu zituzten atzo, eta gaur, berriz, hilkutxak hobi komunetan sartu zituztenekoa. Malok adierazi du beste bost aste beharko dituztela plano guztiak egiteko, eta horiek Tolosan bertan, haren inguruan eta Donostian errodatuko dituzte. Bussoten (Alacant, Herrialde Katalanak) hil zituen GALek bi ETAkideak, eta kare biziz estali hobiak. Toki hori Tuteran (Nafarroa) birsortuko dute.
Abra Producciones-ek ekoitzi du filma, eta Joxe Portela haren arduradunak aitortu du arazoak eduki dituztela, bai hainbat instituziorekin baita etxe komertzialekin ere, finantzatzea lortzeko orduan. Bi milioi euro inguruko aurrekontua edukiko du pelikulak, eta Portelak jakinarazi du Donostiako Zinemaldian estreinatzea gustatuko litzaiokeela. Jon Anza aktoreak jokatu du Lasaren rola, Christian Merchan aktoreak Zabalarena, eta Unax Ugaldek, berriz, Iñigo Iruin abokatuarena.