Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran gainbehera nabarmenean zegoen beldurrezko generoa. Behin eta berriz errepikatzen ziren formula berberak; horren ondorioz, ikusleak, bereziki gazteenak, ez ziren horren erraz izutzen, eta ez zituzten film horiek erakargarri sentitzen. Orduan, generoaren aditu beterano batek, Wes Cravenek (Cleveland, AEB, 1939), nerabeei begirako film bat egitea erabaki zuen. 1996. urtea zen, eta filmaren izenburua, Scream. Pentsaezina zena gertatu zen: Scream-ek izugarrizko arrakasta erdietsi zuen, berehalako klasiko bihurtu zen.
Scream-ek ez dio batere nobedaderik ekarri beldurrezkoari, berez oso klasikoak dira sail horretako filmak, ohiko baliabideak erabili dituztelako behin eta berriz. Non da, bada, arrakastaren gakoa? Batetik, zuzendariaren abilezian. Cravenek inork baino hobeto erabiltzen ditu izua eta suspensearen teknikak, ederki aski daki norentzat diren filmok eta zer den ikusleek horietatik espero dutena.
Izan ere, izan dituen gorabehera guztiak izanda, Craven azken garaiotako beldurrezkoaren zuzendaririk garrantzitsuenetakoa da. Generoaren hainbat klasiko txiki egin zituen bere ibilbidearen hasieran, 70eko hamarkadan: The Last House on the Left eta The Hills Have Eyes. Dena den, 80ko hamarkadan egin zuen film batek eman zion mundu mailako ospea, A Nightmare on Elm Street filmak. Horren ostean, itsutu gabe, bere estiloari fidel izan zaio Craven.
Bestetik, erreferentzia berriak behar zituen belaunaldi oso batek bere egin zuen Scream, bereziki AEBetan. Freddy Krueger, Halloweeneko hiltzaileak eta gisakoengana beranduegi ailegatu ziren, eta hainbat zuzendari garaikidek beldurrezko pelikulei eman nahi izan dieten kutsu filosofiko edo metafisikoa ez dute askorik gogoko. Horregatik, berehala Ghostfacerekin maitemindu ziren.
Horixe baita lehen eta ondoren etorri diren Scream filmen funtsezko gakoetako bat: zinemarako eta, oro har, kulturarako ikono bat sortu izana. Belaunaldiz belaunaldi igaroko den ikono zinematografiko bat sortzea ematen duena baino zailagoa da, are gehiago sortu duen testuinguruak —filmak berak— ez duenean luze irauten. Baina dagoeneko Ghostface izuaren sinbolo bihurtu da, eta haur eta gaztetxoek inauterietan eta gisakoetan janzten dute ahoa zabalik duen pertsonaiaren maskara.
Lan talde finkoa
Lehen Scream-en arrakastak beste bi film ekarri zituen, 1997an eta 2000n. Baina azken honek argi erakutsi zuen formula agortzen hasia zela eta errepikapenen zirkulu amaigabean sartzeko arriskua gero eta handiagoa zela. Orduan, Cravenek eta bere laguntzaileek gelditzea erabaki zuten. Zuzendariak oihartzun handirik izan ez duten film pare bat egin ditu milurte berrian.
Orain, lehenengotik hamabost urte pasatu direnean, laugarren atala egin du Cravenek. Ondoan ezinbesteko laguntzailea izan du: Kevin Williamson gidoilaria —sailaren lehen bi pelikulak idatzi zituen hark—. Baita hasieratik sailean egon diren aktore nagusiak ere: Neve Campbell protagonista, David Arquette eta Courteney Cox. Ohikoa denez, Scream 4-ren lehen minutuak bereziak dira, gonbidatu berezien tartea izan ohi da. Kasu honetan, Anna Paquin (True Blood) eta Kristen Bell aktoreek egin dute cameo txiki bat.
Gainerakoan, gauzek berdintsu segitzen dute Woodsboron. Sidney Prescott arrakasta handiko idazlea da, eta hamarkada luze bat pasatu denean herrira itzultzea erabaki du. Bere azken liburuaren promozioan murgilduta dago Prescott. Herrian Dewey sheriffa eta Gale Weathers ikusiko ditu berriro, eta ezkondu direla jakingo du.
Horiekin batera, aspaldiko lagunak eta ezagun asko ere topatuko ditu Prescottek. Baina dena ez da zoriona, hura itzultzearekin batera Ghostface ere bueltatuko delako eta harekin batera hilketa odoltsuak. Berriro ere, Woodsboron amesgaiztoa hasiko da.
'SCREAM 4'
Zuzendaria: Wes Craven.
Aktoreak: Neve Campbell, Courteney Cox, David Arquette, Emma Roberts, Marley Shelton, Hayden Panettiere, Adam Brody.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 105 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian aurreko astean estreinatu zuten.
Zinema. Estreinaldiak
Laugarrenez itzuli da Ghostface
Hamaika urte geroago, Wes Cravenek jarraipena eman dio 'Scream' beldurrezko zinemaren sail arrakastatsuariZuzendari estatubatuarrak sortutako saila ikono bilakatu da belaunaldi oso batentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu