Alkohola debekatu zuten AEBetan 1920 eta 1933 artean. Lege Lehorraren garaia zen. Sasoi hartan girotu du John Hillcoat zuzendari australiarrak Lawless filma. Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuen atzo, sail ofizialaren barruan, eta irudiak oso bortitzak izanagatik, oso harrera ona egin zioten. Benetako gertaeretan oinarrituta dago gidoia, eta Nick Cave musikaria da haren egilea. Urrezko Palma irabazteko lehiatu den beste filmeetako bat Cristian Mungiu errumaniarraren Beyond the hills da. Emakumezkoen komunitate erlijioso bateko kide baten istorioa kontatzen du, eta egun Errumaniak duen egoerak pisu handia dauka filmean.
2007ko Urrezko Palmaren garaileari — 4 Luni, 3 Saptamini si 2 Zile film lehorrarekin irabazi zuen—, baina, ez zioten Hillcoati bezain harrera ona egin atzo. Australiarrak adierazi zuen prentsaurrekoan bere filmaren eta gaur egungo egoeraren artean «paralelismoak» egin daitezkeela. «Segurtasunik eta egonkortasunik ezaren garaian bizi gara». Filmak irudikatzen duen sasoian bezala, alegia. «Eta horri gehitu krisi ekonomikoa eta politikoa». Iruditzen zaio, gainera, zinemagileek «nolabaiteko lilura» sentitzen dutela halako garaiekin. Filmari ukitu bortitza emateko ahaleginean, westernaren eta mafiaren estetikak nahastu ditu australiarrak.
Matt Bondurant estatubatuarrak bere aitona eta osabei buruz idatzitako The Wettest County in the World liburuak eman zien gidoirako beharrezko bazka. Cavek esan zuen filmerako materialguztia liburu horretan zegoela, «harrigarria» zela, eta «amets baten modukoa» izan zela gidoia osatzea. «Liburu horrek sentimentaltasuna eta biolentzia gordina lotzen ditu».
Krudeltasuna da filmaren bereizgarri nabarmenenetako bat, eta ugariak dira odolez beteriko eszenak. Hiru anaia dira protagonistak. Alkoholarekin trafikatzen dute, eta kontu horrek auzi horretaz arduratzen den agentearekin jarriko ditu aurrez aurre. Guy Pearce aktorea da agente hori. Bestela, Tom Hardy eta Shia LaBeouf dira protagonista nagusiak.
Egoera zail batean
Mungiuren filmako protagonistak ere egoera zail bati aurre egin beharko dio. Haurtzaroko lagun bat (Alina) atzerritik bueltatuko da, baina Voichita komunitate erlijioso itxi bateko kidea da. «Amodioari buruzko film bat da; amodioagatik jendeak egin dezakeenari eta bazterrean uzten dugunari buruzkoa ere bai», adierazi zuen Mungiuk prentsaurrekoan.
Jaialdiaren laugarren egunean, gaur, Michael Hanekeren Amour emango dute. Ramon Agirre donostiarrak protagonistaren lagunaren rola jokatzen du.
'Lawless'-i harrera ona egin diote Cannesko jaialdian
John Hillcoatek zuzendu du filma, eta AEBetako Lege Lehorrari buruzko istorio bortitza da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu