JAZZALDIA

Lee Konitz, Buika, China Moses eta Vijay Iyer, Donostiako Jazzaldian

Jazz jaialdia uztailaren 24tik 28ra bitartean egingo da.

mikel lizarralde
2013ko otsailaren 8a
14:09
Entzun

Donostiako Jazzaldian ariko diren artisten zerrenda handitzen doaz antolatzaileak, eta gaur bertan uztailaren 24tik 28ra egingo den jaialdian izango diren beste lau musikariren izenak eman dituzte: Lee Konitz, Buika, China Moses eta Vijay Iyer.

Lee Konitz (Chicago, AEB, 1927)  uztailaren 26an ariko da Donostian.  Konitzek Lennie Tristano piano-jotzailearen itzalean ikasi zuen, hura izan zen jazzaren lehenengo hamarkadetako musikari berritzaileenetariko bat, eta geroago, Konitzek berak izan zuen eragina zenbait musikari interesgarriengan, esaterako Art Pepper eta Paul Desmondengan.

Gerora Miles Davisen Birth of the cool disko aitzindarian parte hartu zuen. Gerora, Bill Evansekin Crosscurrents (1977); Charles Mingusekin Charles Mingus and Friends in Concert (1972); Gerry Mulliganekin, Konitz Meets Mulligan (1953) grabatu zituen. Horiez gain, beste zenbait musikari garrantzitsurekin jo izan du, esaterako Dave Brubeck, Ornette Coleman, Elvin Jones, Stan Kenton eta Gil Evansekin. Ez da Donostian izango den lehenengo aldia. 1978an  Clark Terry tronpeta jotzailearekin batera aritu zen, eta 1995ean, Paul Motian bateria otzailearen boskotearekin.

Buikak Ekuatore Ginean ditu arbasoak baina Mallorcak jaio zen, Herrialde Katalanetan. Bere lanaren oinarrian boleroa eta kopla dago baina jazzari tarte zabal bat ere eskaintzen dio. Uztailaren 27an izango da Donostian.

China Moses (Los Angeles, AEB, 1978), azken urteotan jazzaren munduan sortu den abeslari estimatuenetako bat da. Abeslari eta konpositore gisa estilo ugari ukitzen ditu (Meshell Ndegeocello, Guru eta Camillerenekin lan egin du). Bost disko kaleratu ditu dagoeneko. Uztailaren 27an izango da jazzaldian.

Vijay Iyer pianista (New York, 1971) 2010eko Heineken Jazzaldian ere aritu zen. Wadada Leo Smithen taldean jo zuen eta, bestalde, emanaldi bat eskaini zuen, bakarka, Victoria Eugenia Klubean. Baina beste musikari handi batzuekin ere jo du: Steve Coleman, Roscoe Mitchell, Amiri Baraka, Rudresh Mahanthappa, Oliver Lake, DJ Spooky, Amina Claudine Myers... Uztailaren 25ean izango da Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.