Jakin aldizkariak bere historiako "jauzirik handiena" egingo du aurten, haren zuzendari Joan Mari Torrealdairen ustez. "Franco hil ondoren 1977an eman genuena ere ez zen txikia izan, baina aurten haren parekoa eman genezakeela iruditzen zait". Aldizkaria fundazio bihurtuko da aurki, aste batzuen buruan, eta maiatzean "Jakin-en giza taldearen erreleboa" etorriko da: egungo lau arduradun nagusiek —Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategik— zuzendaritza talde berri bati utziko diote lekukoa; aldizkariarekin —eta fundazioarekin— kolaboratzen jarraituko dute aurrerantzean ere laurek, baina bigarren mailan, erabaki nagusiak zuzendaritza talde berriaren esku utzita.
Aro berriko aldaketaren lehen aztarnak 200. zenbakiaren argitalpenarekin batera geratu dira agerian, aldizkariaren itxura eta grafismoa berritu baitituzte —kolorea sartuz eta arintasuna eta malgutasuna bilatuz—, eta baita webgunea ere. Borja Goitia eta Juanma Aramendi arduratu dira aldizkariaren diseinu berriaz, eta Egunea enpresa webgunearen berrikuntzaz. Horrez gain, aldizkariaren 200. zenbakiaren edukiak aldi berean argitaratu dituzte paperean eta webgunean, modu analogikoan eta modu digitalean.
Paperezko argitalpena baztertu gabe, edizio digitala lehenetsiko du Jakin-ek hemendik aurrera, eta azalean ageri den Jakin.eus izena da horren erakusle nabarmen eta aipagarri bat. Izen horrekin, .eus domeinuan parte hartzeko borondatea agertu du Jakin-ek. Domeinua ez da indarrean egongo ekaina arte, eta bitartean www.jakingunea.com izango da webgunearen helbidea, orain arte bezala; baina .eus domeinua indarrean jarri orduko www.jakin.eus helbidera aldatuko da.
Jakin-ek 58 beteko ditu aurten, eta sortu eta urte gutxira hasi ziren Torrealdai, Intxausti, Azurmendi eta Agirrebaltzategik haren gidaritzaren erantzukizuna berenganatzen. Euskal Herria bere historiaren une garrantzitsu batean dagoela iritzita, eta egungoa oso une garrantzitsua dela euskal kulturarentzat eta euskalgintzarentzat, aldaketarako tenorea dela erabaki dute orain. "Euskalgintzaren aro berri honek, ziklo berri honek, tresna berri bat behar duela uste dugu, eta Jakin-ek horretan zer emanik baduela", azaldu du Torrealdaik.
"Uste dugu ondare bat metatu dugula, eta ondorengoei ondare hori doan pasako diegu", laburbildu du Torrealdaik. "Horretarako egin dugu fundazioa, ondare hori euskal kulturaren baitan gelditu dadin. Guk ez dugu ezer patrimonializatzen geuk". Fundazioa da, Torrealdairen iritziz, "sortzaileen borondatea" bermatzeko eta Jakin-ek orain arte izan duen "espiritua" izaten jarrai dezan ziurtatzeko formularik egokiena.
Orain artekoak bezala, Jakin berritu eta osatuak ere nahitaezko sostengu izango ditu harpidedunak, eta harpidedun egiteko aukera bat baino gehiago dago aldizkariaren webgunean. Urteko 60 euroren truke, paperezko aldizkaria jasotzeko eta webguneko eduki guztietara sarbidea izateko aukera dago, eta badira laguntza handiagoak emateko moduak ere. Gaur egun 2.000 inguru harpidedun ditu Jakin aldizkariak, eta 2.300 aleko tirada.
Luis Iriondori elkarrizketa
Imanol Murua Uria kazetariak Historia bizia sailean Luis Iriondo kultur eragileari egindako elkarrizketa luzea da Jakin-en 200. zenbakiaren eduki nagusia. Haren osagarri, Luis Iriondok landutako hiru arloren inguruko lan bana irakur daiteke: Joxemari Iriondok 1960ko hamarkadako euskal musika giroaz idatzi du; Josu Martinezek Ikuska saileko filmei buruz; eta Estitxu Garaik 1960 eta 1975 arteko euskarazko publizitateaz. Azkenik, Egunen gurpilean atalak kolaboratzaile berriak ditu: Joseba Barandiaran (Ekonomia), Dabid Anaut (Soziolinguistika) eta Gorka Julio (Telepolis).
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.jakingunea.com