Igor Elortzaren burutik Unai Iturriagarenera jauzika ibili da urte askoan Bizkaiko txapela. Arkaitz Estiballesek eskuratu zuen azken txapelketan, duela urte bi. Eta orain berriz ere jokoan jarriko dute. 38 bertsolari lehiatuko dira. Tartean izango dira Elortza (azken txapelketara ez zen aurkeztu) eta Estiballes. Horretaz gain, duela urte biko txapelketako finalera iritsitako guztiek parte hartuko dute: Beñat Ugartetxeak, Eneko Abasolo Abarkas-ek, Etxahun Lekuek, Jone Uriak, Miren Amurizak, Onintza Enbeitak eta Peio Ormazabalek.
Elortza txapelketara bueltatzeak eta aurreko finalista guztiak aurkezteak «lehiari lagunduko» diotela uste du Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak, «aukerak zabalduko ditu».
Igandean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Berriatuan; eta abenduaren 15ean izango da finala, Bilbon, Miribillan, 17:30ean. Sarrerak atzodanik eros daitezke, www.bertsosarrerak.eu atarian. 10.000 lagunentzako tokia dago kirol jauregi horretan, baina saldutako sarrera kopuruaren arabera egokituko dute, Barakaldoko BEC erakustazokan egin izan duten bezala.
BaDaGaRa da aurtengo leloa, «BDGR kontsonante hoskideen multzoari erreferentzia eginez». Txapelketaren atzean «askoren lana eta jolasa» dagoela nabarmendu du Maddi Ibaibarriagak, txapelketako komunikazio arduradunak. «Jokotik baino gehiago daukalako jolasetik txapelketak. Berbekin jolasten dugu, eta letrek elkarren beharra dute berbarik sortuko bada. Bertsolaritza geroratuko bada elkarren beharra dugun moduan. Scrabble handi bat garela esan dezakegu».
Hala, aipaturiko hizkien jolas hori da txapelketaren irudia. Eta Audiencek ondutako sintonia ere «jolaserako gonbita» dela esan du Ibaibarriagak.
Igande arratsaldez jokatuko dira kanporaketak, hilaren 21ean izan ezik. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direnez, ez da saiorik izango. Eta hirugarren kanporaketa hurrengo asteburuan jokatuko dute, larunbatean.
Gainerakoan, txapelketaren egituran berrikuntzarik ez dela izango adierazi du Maddi Ibaibarriagak. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango ditu. Eta kanporaketetara sailkatu dira zuzenean Elortza, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Ibon Ajuria, 2010eko txapelketa baino arinago inoiz finalista izandakoak.
Eskualdeetako txapeldunak ere izango dira kanporaketetan: Aitor Arrutia (Enkarterriko txapelduna), Oihana Bartra (Hego Uribekoa), Gorka Lazkano (Durangaldekoa), Iñaki Iturriotz (Arratiakoa), Gorka Ostolaza (Lea-Artibaikoa), Arrate Illaro (Uribe Kostakoa), Peru Vidal (Uribe Butroekoa) eta Julen Erezuma (Busturialdekoa). Baita puntuazioaren arabera eskualdeetako txapelketetan sailkatu zirenak ere; hemezortzi bertsolari, denera.
Kanporaketetan sailkatutakoak zuzenean igaroko dira finalaurrekoetara, eta besteek puntuazioaren arabera izango dute aurrera egiteko aukera.
Epaile taldea hainbatek osatu dute: Iñaki Aurrekoetxeak, Mirari Azulak, Jurgi Fuentesek, Ander Txakartegik, Jon Jaiok, Gorka Intxaurbek, Nahikari Aiok, Josu Telleriak, Moises Enbeitak, Asier Ibaibarriagak, Andoni Larreak eta Xemein Larrinagak. Horietatik seik osatuko dute epaimahaia, saiorik saio.
Gai-jartzaile taldea, berriz, Maite Berriozabalek, Zuriñe Iarrituk, Leire Bilbaok, Leire Aurrekoetxeak eta Bernar Mandalunizek osatuko dute.
Txapelketaren mamia eta arima aldatu ez den arren, www.bizkaikotxapelketa.biz webgunea berritu egin dutela azaldu du Maddi Ibaibarriagak. «Bertsogintzaren topaleku» izatea nahi dute. Eta, horretarako, Plazatik atala sortu dute. Bertsozaleen berri, iritzi, argazki, bertso, bideo eta bestelakoak jasoko dituzte txoko horretan. «Plazatik dator notizia, plazatik eta sare sozialetatik». Berriketan, Twitter, Facebook eta Vimeoren bitartez emango dute txapelketaren berri.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Lehia handia
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa igandean hasiko da, Berriatuan, eta abenduaren 15ean izango da finala, Bilbon, Miribillan38 bertsolari lehiatuko dira, tartean Arkaitz Estiballes eta Igor Elortza txapeldunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu