Lekukotza eta asmo estetikoa

Iruñeko Zaragueta argazki estudioko Agustin eta Gerardo Zaragueta aita-semeen lanak bildu dituzte Nafarroako Museoan1887 eta 1960 bitarteko Nafarroako gizartearen mosaikoa ageri dute argazkiek

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«1887tik 1960ko hamarkadara arteko Iruñeko gizartearen mosaiko bat». Hori da Iruñeko Zaragueta argazki estudioko irudiek erakusten dutena, Francisco Javier Zubiaurren hitzetan. Nafarroako Museoan argazki-etxe hari eskaini dioten erakusketaren komisarioa da Zubiaur. Agustin eta Gerardo Zaragueta aita-semeen 5.000tik gora lan ikusi ostean 75 hautatu ditu bildumarako. Dioenez, Nafarroaren historia politiko eta soziala ageri dute bildumako argazkiek. Lekukotza bat, baina baita gehiago ere. «Egiatia da Agustin eta Gerardoren dokumentalismoa. Zuzena beren argazkilaritza, baina badute edertasunik ere. Ez dute aski lekukotza ematearekin, eta bada asmo estetikorik ere». Maiatzaren 3ra arte egongo dira ikusgai haien lanak, Iruñeko museoan.

Ez da estetika hutsa ere. Asmo kritiko bat ere ikusten du Zubiaurrek zenbait argazkitan. Gerardo Zaraguetaren argazkietan, gehienbat. «Kronista bikainazen, baina bere zenbait argazkik badute asmo ideologiko ez hain ageriko bat ere. 36ko gerrari buruzko argazkietan ikusten da hori, batez ere. Hor dago, adibidez, falangistaz jantzita, eta egurrezko eskopeta banarekin gerra jolasetan dabiltzan haurren irudia. Irribarrez daude denak, baina errealitate gordin bat dago argazki itxuraz eder horren atzean: gerra, anaien arteko guda».

Donostian jaioa izan arren, Parisen egin zituen Agustin Zaraguetak argazkigintza ikasketak, eta han ikasi zuen garaiko teknika eta gustuetara moldatzen. «Argazkien konposizio dotorean, eszenen planifikazioan eta atrezzoaren erabileran ikusten da hori», Zubiaurren hitzetan. Militar eta dirudunen estudioko erretratista izan zen gehienbat Agustin. Horrek egin zuen ezagun. Herri kantetan ere bada haren aipamenik. Hala dio horietako batek: «Soldadu etorri zen Iruñera/ Jose Miguel Zabaleta,/ eta puroa ahoan zuela/ egin zion erretratua Zaraguetak».

Baina hori aita zen, gehienbat. Semea, Gerardo, gehiago izan zen argazki kazetaria. Ofizioa aitari ikasi zion arren, bestelako bidea hartu zuen, neurri batean, aitarenari uko egin gabe. Iruñeko eta Nafarroako eguneroko bizimodua ageri da haren argazkietan. Estudioan bai, baina baita estudiotik kanpo ere. Kirolariak, langileak, ikasleak, sanferminak... Egunerokoak bai, baita une historikoak ere. Espainiako II. Errepublikaren aldarrikapenaren unea, adibidez, Iruñeko udaletxeko plazan. Bandera gorri bat, afixaren bat eta jendetza alde guztietan.

Primo de Rivera eta Campion

Alde batekoak eta bestekoak erretratatu zituzten Zaragueta aita-semeek. Miguel Primo de Rivera erretratatu zuen Agustinek; eta semeak: Arturo Campion, Niceto Alcala-Zamora Espainiako errepublikako presidentea eta Alfontso XIII.a. Erakusketan badira bi argazki esanguratsu: 1930eko Iruñeko Euskal Zentroko kideen erretratua da bata, atzean ikurrina eta gurutzea dituztela ageri direnak; 1940ko Francoren aldekoen desfile militarrekoa da bestea, Espainiako bandera eta ikur erlijiosoekin.

«Klase sozial guztietako jendea ageri da Gerardoren argazkietan», azaldu du Zubiaurrek, «baina irudiek badute gizarte harmonia bat erakusteko nolabaiteko asmoa. Jende aberatsa eta pobrea ikus daiteke argazkietan, hobeki eta okerrago jantzitako gizon-emakumeak, baina Gerardoren objektiboan bada hiria harmonian erretratatzeko nahi bat. Ez dira kritika sozialetik egindako argazkiak, harmonia horren bila egindakoak baizik».

Ez zen kolperik jaso gabeko gizona, hala ere.«Gure aitona sekula politikan aritu gabea zen», adierazi du Koldo Azkonak, Gerardo Zaraguetaren ilobak, «baina bazituen ideia abertzaleak, eta zigortu egin zuten horregatik 36ko gerran. La Voz de Navarra egunkarian aritu zen argazki kazetari lanetan gerra aurrean, baina haren ondoren lanik gabe gelditu zen. Francoren mugimenduaren aldeko egunkarian eskaini zioten gerora lanik, baina uko egin zion, eta horren ondorioak larriak izan ziren. Lanik gabe gelditu zen, batetik, eta erretiratzean, ordura arte egindakoak ez zizkioten kontuan hartu. Erretirorik gabe gelditu zen».

Beste oroitzapen bat aipatu du Sole Zaraguetak, argazkilariaren alabak, Gerardo aitarekin eta haren emaztearekin loturikoa. «Gerra garaian egin eta aitari arriskutsu gerta zekizkiokeen argazkiak altzoan hartu, eta Argara joaten zen gure ama gutakoren batekin, irudi horiek ibaira botatzera».

Liburu bat ere kaleratu du museoak zaraguetarren argazkiekin eta Zubiaurren testuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.