Rita Unzurrunzaga Donostiako Ekain Artelanak galeriako arduradunak iradokizun bat egin zien Miguel Balliache (Caracas, Venezuela, 1973) eta Elena Bagazgoitia Sargam (Madril, Espainia, 1969) artistei: batera erakusketa bat egin zezatela; ikusi zituela bien artean kidetasunak, diziplina ezberdinak lantzen dituzten arren. Balliachek eskultura normalean, eta Sargamek pintura. «Diziplinak ezberdinak eta estiloak oso pertsonalak izanagatik gure diskurtsoak eta lengoaia antzekoak zirela esan zigun», adierazi du Balliachek. Lengoaia diziplinari gailendu zaio, hortaz. Pintorearen iritziz, berriz, «arriskutsuagoa» da beste artista batekin lan egitea, «baina irekiagoa izatera behartzen zaitu, bestearekin hitz egitera... hizkuntza arrotz bat entzutera!». Hain zuzen, En un idioma extranjero izena jarri diote Ekain Artelanak galerian gaur irekiko duten erakusketari. Bataren eskulturak, bestearen pinturak eta elkarlanean egindako marrazkiak bildu dituzte horretan.
Uste zuten baino «errazagoa» izan da marrazki horiek osatzea. «Estudioan elkartu, bakoitzak paper zuri bat hartu, eta lanean hasten ginen. Gero, trukatu egiten genituen, harik eta marrazkiak amaituta zeudela pentsatu arte», azaldu du Sargamek. Gisa horretako «bizpahiru saio» egin zituzten. Prozesua «arina» eta «atsegina» izan zen, Balliacheren aburuz: «Askotan ez zenekien zer egin zenuen zuk, edo zer berak. Elkarrekin egindakoa nabarmendu da, banakoaren lanaren gainetik. Asmatu dugu elkar ulertzen eta batak besteari entzuten». Lanean hasi aurretik ere, bai Sargamek eta bai Balliachek ere gustukoa zuten bestearen obra. «Horrek gauzak erraztu ditu, eta dibertitu egin gara».
Erakusketarako izena aurkitzeko orduan ere bai, bestalde.«Hau aukeratu dugu, beharbada gurekin zerikusia duelako. Ez soilik kanpotik gatozelako. Ez. Pintatzen hasten naizenean, adibidez, nirea den zerbait egiten ari naizela sentitzen dut, baina aldi berean beti da berria, ezezaguna. Eta gure arteko elkarrizketa bi ezezagunen artekoa zen, baina erraz egindakoa».
Balliachek burdinarekin lan egiten du, eta «zaborretan» aurkitutako materiala baliatzen du eskulturan: «Material horiek beraiek barrenean badute istorio bat, eta horietan oinarritzen naiz nirea kontatzeko». Egurrarekin, kalamuarekin, ehunarekin eta halako beste material «natural batzuekin» nahasten ditu. Gogoko du gauza «sinpleekin» gozatzea; «izan ere, soiltasuna ere ederra da».
Arkitektura ikasi zuen, eta hori bera zeregin batzuetan «lagungarri» izan zaiola aitortu du. Halere, lanean ari denean bere alderdi akademikotik «bereiztea» gustatzen zaio. Venezuelan jaio zen, eta Donostian bizi da 2003tik. Hain zuzen, ama du donostiarra. Alderdi «latinoak eta euskaldunak» bere lanean bat egiten dutela uste du.
Sargamek, berriz, bere koadro eta marrazkiekin «harritzen» segitzen du. «Beti aldatzen direlako, beti iruditzen zaizkidalako diferenteak». Kasu honetan, esaterako, estudioan ikusten zituenean baino «sotilagoak eta suabeagoak» iruditzen zaizkio erakusketa aretoan. «Ez dakit, dena poetikoagoa balitz bezala». Sargamek «oinarrizko koloreekin» lan egiten du beti, eta horrek eragiten du «kolore sorta». Madrilen jaio zen, baina aspalditik bizi da Gipuzkoan. Datorren otsailaren 14a bitartean egongo da irekita erakusketa.
Lengoaia, diziplinaren gainetik
'El idioma extranjero' erakusketa irekiko dute gaur Miguel Balliache eta Sargam artistek Ekain Artelanak galerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu