MUSIKA

Leonard Cohen kantugile eta olerkaria hil da

82 urte zituen quebectarrak. Ez dute argitu zer dela-eta hil den, baina bai Los Angelesen (Ameriketako Estatu Batuak) omenduko dutela; oraindik ez dute zehaztu noiz. Berrogeita hamar urtean, ibilbide oparoa egin du kantugintzan nahiz olerkigintzan.

2016ko azaroaren 11
12:31
Entzun

Facebooken zabaldutako mezu baten bidez eman dute Cohenen heriotzaren berri: "Musikaren ameslari emankor eta ohoratuenetako bat galdu dugu".

1960ko hamarkadan loratutako kantugileen artean esanguratsuenetakoa izan zen Cohen, eta, harrezkero, mende erdiz aritu da musikagintzan eta olerkigintzan. 1934ko irailean Montrealen jaioa (Quebec), gaztetatik hasi zen olerkigintzarekiko interesa azaltzen. 1956an argitaratu zuen lehen liburua, Let Us Compare Mythologies, eta hamar urte geroago ekin zion kantugintzari; 1967an argitaratu zuen bere lehen diskoa, Songs of Leonard Cohen.

 

 

Guztira estudioko hamalau disko grabatu zituen; azkena, duela hilabete: You Want it Darker. Zeresana eman zuen azken diskoaren harira The New Yorker-ek argitaratutako elkarrizketak, bertan esan baitzuen: "Hiltzeko prest nago". Eta ondoren azalpena: ez zuela bira gehiago egingo, ez zekiela kantu gehiago egiteko moduan izango zen... Egun batzuk geroago komunikabide ugariren aurrean eginiko agerraldian, atzera egin behar izan zuen, ironiari tiraka: "Hiltzeko prest nagoela esan nuen, baina agian asko esaten ari nintzen... Betiko bizitzeko prest nago".

 

 

Tartean, erreferentziazko beste disko batzuk ere plazaratu ditu, Songs of Love and Hate (1971), I'm Your Man (1988) eta Various Positions (1985), esaterako. Euskaratuta daude haren testu ugari.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.