Inazio Mujika Iraola. Idazlea

«Letek hautatu egiten zituen bere elkarrizketak»

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Xabier Leteren biografia lehen pertsonan kontatzea lortu du Inazio Mujika Iraolak Xabier Lete (auto)biografia bat liburu sarituan, hark irratian nahiz aldizkari eta egunkarietan emandako elkarrizketetan esandakoak bilduz, ordenatuz eta apailatuz. Bere burua eta elkarrizketen egileak ezkutatu egin ditu Mujika Iraolak, ahotsa osorik Leteri emateko. Epaimahaiari liburu hau saritzeko «ausardia» izatea eskertu dio egileak, kontzientea baita ez dela ohiko saiakera bat, ezta ohiko biografia bat ere.

Hark emandako elkarrizketetan oinarrituta kontatu duzu Xabier Leteren bizitza. Zergatik elkarrizketak?

Beti pentsatu izan dut Xabier Letek bere elkarrizketak hautatu egiten zituela, eta egin dizkioten elkarrizketa gehienak dokumentu garrantzitsuak direla bere burua azaltzeko, bere lana azaltzeko eta bere garaia azaltzeko.

Zuk Leterena idatzi duzun moduan idatzitako beste biografia edo (auto)biografia bat izan duzu eredutzat zeurea egiteko, edo hutsetik sortu duzu eredua?

Izango dira seguru asko erreferentziak, eta beharbada edan dut erreferentzia horietatik, baina une honetan ez naiz gogoratzen, ez daukat horren kontzientziarik. Liburua idazteko asmoa sortu zuen txinparta beste lan baten harira etorri zitzaidan. Bidegileak bildumarako Leteren biografia laburra idazteko eskatu zidaten, eta baiezkoa eman nuen. Materiala biltzen hasi nintzenean, ikusi nuen asko zegoela ikertzeko, eta gainera berari, Leteri, utzi behar zitzaiola hitza, elkarrizketetan esan zituenak bilduz. Oso gogoan nituen Arantxa Arzak eta Arantxa Iturbek Euskadi Irratian egindako elkarrizketak; grabazioak eskatu nituen, eta horrela hasi nintzen elkarrizketak biltzen.

Euskal kulturan izan duen —eta izaten jarraitzen duen— itzala aintzat hartuta, ezin da esan Xabier Leteri buruzko liburu asko dagoenik. Zergatik urritasun hori, zure ustez?

Euskaldunok ez gara geure buruaz hitz egiteko oso zaleak, eta Lete ere ez zen halakoa. Itzal handia izan zuen 60ko hamarkadatik aurrera, eta kantatzeari utzi zionetik ez zen gutxitu itzal hori, emendatu baizik, gehitu, eta nolabaiteko kontsentsu bat lortu zuen euskal gizartean. Hori oso zaila izaten da, eta, gainera, Letek bere ideologiari eutsita lortu zuen hori. Adibidez, askotan aipatzen du biolentziaren gaia, eta egungo egoerara iristea zuen bere amets handietako bat, azkenean hori ezagutu gabe hil bazen ere.

Zer moduzko harrera izan du liburuak orain arte?

Nahiko harrera ona izan zuen, batez ere Durangoko Azokan eta Eguberrietako buelta horretan. Lehen argitalpena agortuta edo agortzear dagoela uste dut. Eta espero dut sariak beste bultzada bat emango diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.