Aspaldi liluratu zituen rock belaunaldi gazteagoak Mikel Laboak. Txerokee diskoak jada talde eta bakarlari ugari bildu zituen 1990ean, Laboarekiko liluratik abiatuta, omenaldi disko kolektibo bat egiteko. Ia bi hamarkada geroago beste musikari belaunaldi bat bildu da-orduko batzuk ere badira- Laboari «beste omenaldi bat» egiteko. Bidehuts zigiluak gidatu, bideratu eta apailaturiko bildumak ere lilura du sorburu, eta opari gisako omenaldi izan nahi du. «Gure ikuspegitik egindako omenaldia da», zehaztu zuen Asier Zulueta Bidehuts zigiluko kideak atzo Donostiako Doka kafe antzokian egindako aurkezpenean.
Ikuspegi horren barruan lagun talde handi bat kabitzen da, musikari koadrila handi bat. Ez zen zoriz hautaturiko eguna atzokoa aurkezpena egiteko. Duela bi urte atzoko egunez zendu baitzen Mikel Laboa, atzo bezalako egun hotz negutar batean.
Hotzetik ez zuen askorik atzoko aurkezpen ekitaldiak, ezohiko itxura hartu zuen, koadrila handi batena, familia batena. Ohiko kazetari saldoa baino handiagoaz gain, Bidehutseko kideak(Asier Zulueta, Karlos Osinaga, Eneko Aranzasti) eta diskoan parte hartu duten zenbait musikari (Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Eneko Abrego, Mikel Abrego, Baxi Ubeda, Nerea Garrido, Rafa Rodriguez, Nerea Olaxa, Ibon Rodriguez...) bildu ziren Laboaren omenezko lan berriaren abarora. Lehen lerroan zen Marisol Bastida kantariaren alarguna ere; Josetxo Silguero musikariaren eskutik iritsi zen aretora. Produktu osoa oraindik ez duela entzuterik izan, «bospasei kantu baino ez», baina entzundakoarekin «gustura» dagoela nabarmendu zuen Bastidak.
Otsailean jarri zuten martxan lehenagotik ere buruan biraka zuten ideia Bidehutsekoek: «Aspaldidanik ateratzen zen horrelako zerbait egitearen asmoa gure hizketaldietan, eta aurten erabaki dugu aurrera egitea», argitu zuen Eneko Aranzasti Bidehuts eta Lisabö taldeko kideak. Parte hartuko zuten taldeen zerrenda osatzea izan zuten aurreneko lana, lanik zailena: «Izan zitezkeen beste horrenbeste talde ere. Zerrendak egiten hasita bakoitzak desberdin bat egingo genuke. Saiatu gara ahalik eta gehien zabaltzen partaidetza, baina muga bat ere bagenuen».
Hemeretzi talde eta bakarlari, Laboaren 19 abesti bere eginez, jatorrizkoa errespetatuz, baina nork bere esparrura ekarriz, nork bere nortasuna erantsiz. Talde bakoitzak hautatu zuen bere abestia: «Ez zen lan erraza izan. Hainbestekoa da Laboaren errepertorioa, horrenbeste kantu handi ditu...». Baina, kantu bera hautatu zuenik ere egon zen, eta orduan aurrena aukeratu zuenari eman zioten lehentasuna.
Bertsioez osaturiko bilduma bat da, Laboari ikasitako kantuez osaturiko bilduma bat, baina izaera homogeneo bat duena. Talde guztiek rockarekin -rockaren aldaera desberdinekin, nahi bada- duten harremanak eta soinu koherentziak ematen dio batasuna bildumari. Aurtengo udan grabatu ziren diskoko kantu guztiak, horietako gehienak Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean Karlos Osinaga soinu teknikari zela. Inoren Ero Nik Langile baten galderak liburu baten aurrean kantuarekin egindako bertsioa Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan grabatu zuen, Martxel Arkarazorekin. Ruper Ordorikak Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudioan grabatu zuen Gure bazterrak, Jonan Ordorikarekin. Ama Sayk Bilboko Koba estudioan grabatu zuen Ama hil zaigu, Xanpe teknikari zutela, eta Akauzaztek Azkoitiko (Gipuzkoa) Matadeixen grabatu zuen Txoria txori.
Diseinu zaindua
Laboak berak garrantzi handia ematen zien diskoen azalei eta diseinu osoari. Langintza parekoa egina nahi izan dute Bidehutsekoek, eta Ramon Martinez Zabalegiri eman diote diseinuaren eta arte lanaren ardura: «Argi nuen eskuz eginiko zerbait behar zuela azalak, Laboak egiten zuen bezala, koadro moduko bat». Hasiera baten txingurri ziren hiru irudi ageri dira azalean: «Bidehutsek minimalismorako joera izan du bere diseinuetan, eta horrekin bat eginez txingurri horiek ere transformazio bat izan zuten, dekonstrukzio bat».
Disko bikoitza CD formatuan edo biniloan eskuratu ahal izango da. Proiektua aurrera atera ahal izateko jendeak aurrez emaniko laguntza -diskoen eskaeraren bitartez- ezinbestekoa izan dela nabarmendu dute Bidehutseko kideek. Zuzeneko emanaldirik ez dute aurreikusten oraingoz, «zaila litzatekeelako egitura aldetik». Baina lilurak esango du.
Diskoko kantuak
Lehen diskoan: Gaztetasuna eta zahartzaroa (Willis Drummond), Ñao es tu, facultade de sentir (Hotel + Miren Iza), Liluraren kontra (Berri Txarrak), Xoxo beltza (Xabier Montoia), Haize hegoa (Zura), Baga Biga Higa (Amodio), Aintzinako bihotz (Anari), Negu hurbila (Dilistak) eta Txoria txori (Akauzazte Danok).Bigarren diskoan:Ama hil zaigu (Ama Say), Gure bazterrak (Ruper Ordorika), Gure hitzak (Lisabo), Kirru (Gabon Caligula), Langile baten galderak liburu baten aurrean (Inoren Ero Ni), Lizardi (Atom Rhumba), Bedeinkatua (Gora Japon), Lili bat (Audience), Komunikazio inkomunikazioa (Borrokan) eta Zaude lasai (Mursego+Eten).