Antzerkia

'Lingua Nabajorum' obrak irabazi du Donostia Antzerki saria

Tartean Teatro eta Ez Dok Hiru Bikoteatroak 10.000 euroko saria eta Harri Xurin egonaldia jasoko ditu

'Lingua Nabajorum' antzezlana. GIPUZKOAKO HITZA
Ane Urrutikoetxea.
2014ko martxoaren 4a
08:39
Entzun

Tartean Teatro eta Ez Dok Hiru Bikoteatroaren Lingua Nabajorum lanak irabazi du XIV. Donostia Antzerki saria. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen komedia "euskal kulturari buruzko autokritika fina" eta "euskalkiekin jolasean dabilen obra umoretsua" dela adierazi du epaimahaiak. Bikoteak 10.000 euroko saria, Dora Salazarren serigrafia eta Harri Xuri produkzio gunean egonaldia jasoko ditu.

Obra iazko udan estreinatu bazen ere, hilaren 27an eskainiko dute berriz, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Ez Dok Hiru bikoteak sari hau irabazten duen lehen aldia da, eta pozez hartu dute albistea. Harri Xurin egonaldia egitea iparraldera hurbiltzeko aukera dela esan du Martinezek. Sariak urteko ekoizpen une handienean harrapatu ditu aktoreak, datozen hiru hilabeteetan bi estreinaldi egin behar dituzte eta. Hain zuzen ere, bi aste barru Pankreas bertsoekin osatutako antzezlana estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian.

Aurtengo Donostia sarian hamahiru antzezlanek parte hartu dute, eta emanaldi horietan 5.437 ikusle izan direla adierazi du Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.