'Linguae Vasconum Primitiae' liburua Gasteizera ekarriko dute

Axularren, Oihenarten eta Leizarragaren liburuekin osatuko dute Eusko Legebiltzarrean izango den erakusketa

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Euskaraz inprimatutako lehen liburua, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Gasteizen jarriko dute. Euskara jalgi hadi plazara izenburupean, erakusketa bat zabalduko dute Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 1ean, eta bertan erakutsiko dituzten lanen artean garrantzitsuena Etxepareren liburua dela azaldu du Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkari eta erakusketaren komisarioak. Euskarari buruzko XVI. eta XVII. mendeko liburuek osatuko dute erakusketa.

Linguae Vasconum Primitiae Bordelen inprimatu zen, 1545ean. Apaiz eta idazle baxenabartarrak erlijioari eta maitasunari lotutako gaiak tartekatu zituen liburuko hamabost bertso sortatan; horietako batzuk, lizun samarrak, Kintanaren ustez. Ikusgai jarriko dutena geratzen den ale bakarra da, bakarra baita onik atera zena erlijiosoek idatzitako eta antzerako edukietako lanak suntsitzeko Eliza katolikoaren agindutik. Egun Parisko Liburutegian gordetzen dute, baina liburutegi horrek sarean ere jarri du lana, Gallica.bnf.fr helbidean.

Etxeparerena salbu, Legebiltzarreko funtsetako liburuak dira gainerako guztiak. Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentearen hitzetan, «euskal kulturari eta historiari, eta bereziki euskarari lotutako libururik esanguratsuenak» aukeratu dituzte erakusketarako. Horien artean daude, besteak beste, Axularren, Joanes Leizarragaren eta Arnaut Oihenarten hainbat lan.

Erakusketa martxoaren 31ra bitarte egongo da zabalik, astegunetan, 09:00etatik 19:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.