Elebidun sortu zen Egan, 1948an, euskarazko nahiz gaztelaniazko testuz hornitua, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buletin gisa, urtero lau zenbaki plazaratuz. Gerraosteko giro ilunean, erbesteratu gabeko Euskal Herriko idazle ezagunenek idatzi ohi zuten urte horietan Egan-en: Emeterio Arrese, Salbatore Mitxelena, Jose Artexe, Gabriel Celaya, Jose Miguel Azaola, Mariano Zirikiain...1953tik aurrera, Egan euskara hutsezkoa bihurtu zuten Koldo Mitxelenak, Aingeru Irigaraik eta Antonio Arruek. Asmo berri izenburuko editoriala kaleratu zuten hirurok, 1954ko 2-4. zenbakian. Urte batzuk geroago, Juan San Martinek hartu zuen Irigarai eta Arrueren lekua, Mitxelena zuzendariaren ondoan.
Eremu berriak euskararentzat
Euzko Gogoa aldizkaria garaikide izan zuen Egan-ek, eta haren kontrakotzat ere jo ohi zuten batzuek. 1953 eta 1987 bitarteko Egan-en 55 zenbakien meritu nagusietako bat euskarari ordura arte arrotzak zitzaizkion eremuetara zabaltzeko egin zuen lana da. Koldo Mitxelenak eta Gurutz Ansolak idatzitako zinema kritikak, Jan Edanak saileko gastronomiari buruzko artikuluak gogoangarriak dira ikuspegi horretatik. Literatur sorkuntzari eta itzulpengintzari ere oso leiho emankorra zabaldu zion Egan-ek urte horietan.
Elkarrizketa ugari ere eskaini zuen Egan-ek urte horietan, 1955ean Pio Baroja idazleari egindakoa, adibidez. Koldo Mitxelenaren heriotzaren ondoren (1987an) etena izan zuen Egan-ek. 1988an ez zen alerik kaleratu, eta 1989an berriturik eta beste arduradun batzuen eskutik hasi zen plazaratzen Egan. Egun, lau zenbaki plazaratzen ditu urtero, eta Luis Mari Mujika du zuzendari.
-
ALDIZKARIAK SAREAN
Gordailua, amaierarik gabeko egitasmo erraldoia
Orain Egan bezala, Literatur Aldizkarien Gordailua-k Olerti aldizkaria sareratu zuen duela gutxi. Duela 20 urte sortu zela-eta, orri honetan aipagai den Korrok aldizkaria ere sareratua dago, osorik, Gordailua-n. Guztira, 29 aldizkariren 451 zenbaki eskaintzen ditu webguneak, 10.967 artikulu, horietatik 7.949 digitalizatuta. Aldizkari zaharrena Gernika da (1945-1953), eta berrienak Garziarena Berria eta Vladimir (1997an sortuak biak, 1998 eta 2000n etenak, hurrenez hurren), Aldizkari gehiago sareratzen jarraitzeko asmoa dute Susako kideek, osorik euskaraz argitaratu ez ziren eta osorik literaturakoak ez ziren batzuk horien artean.