LITERATUR ALDIZKARIAK. Korrok gaizto eta kontzientea

Aurten hogei urte bete dira Nafarroako lehen literatur aldizkari euskalduna kaleratzen hasi zenetik

Alberto Barandiaran.
IRUÑEA
2004ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroan euskaraz bizitzen hasi zen lehen belaunaldikoak ziren. Hori liteke definizio ona. Euskaraz lan egin, euskaraz parranda egin; euskaraz irakurri, euskaraz idatzi. Euskaraz bizi. Ez zen horren erraza, batez ere idatzi. Pentsa dezagun: Vianako Printzea erakundeak, 70eko hamarkadaren hasieran, euskarazko orria ateratzeari utzi zionetik, ia ez zen deus argitaratzen Nafarroan. Ia hogei urte, Patxi Zabaletak, Jose Angel Irigaraik eta beste batzuek lehen kolaborazio lanak kaleratu zituztenetik. Tokirik ez, beraz, testuak, poesiak edo narrazio laburrak argitaratzen hasi nahi zutenentzat. Tokirik ez hasiberrientzat.

Aldizkarien garaia zen, nolabait esateko. Ustela eta Pott esperimentu arrakastatsuak eta gero, 1980an Susa eta Oh! sortu ziren, eta 1982an, Maiatz. 1983an Pamiela... 1984ean, hamabost literatur aldizkari argitaratu ziren Euskal Herrian, haien artean, Korrok. Urrezko garaia zen, dudarik ez.

Pamiela izan zen abiapuntua. Auzolan liburudendatik bultzatutako argitalpenak berehala hartu zuen gorputza. Txema Aranazen gidaritzapean, eta Victor Moreno, Pablo Antoñana, Miguel Sanchez-Ostiz, Javier Eder, Pello Lizarralde eta abarren kolaborazioekin argitalpen ederra kaleratzen hasi zen. Lehen zenbakian, Jon Alonsok, Mikel Tabernak eta Ana Iribarrek parte hartu zuten. Horiek osatuko zuten, gero, Korrok.«Pamielan gaztelania zen nagusi, eta guk euskaraz egin nahi genuen», gogoratu du Josetxo Azkonak, «horregatik sortu genuen Korrok». «Pamiela-n, gu ez omen ginen nahikoa», dio Jon Alonsok, «han zeuden gehienak nolabait kontsagratuak zirelako jada. Gu birjinak ginen, eta tokia nahi genuen idazteko. 'Egin dezagun gurea, bada', esan, eta egin egin genuen».Azkona, Alonso, Taberna eta Iribarrekin batera, Xabier Diaz-Esarte eta Jasone Aranburu izango dira lehen taldean. Lehen zenbakia, dohan. «Ez da eskaintza txarra: Iruñean kaleratzen den lehendabiziko aldizkari euskaldunak horrenbeste eskaini behar zuen». Urtarrilaren 5ean banatzen hasi zen. Lau zenbaki atera zituzten aurreneko urte hartan, elkarrizketak, gogoetak, poesia aukeratuak eta liburu iruzkinak barne. Eta asmoak barne: idazle izan zitekeenari tokia ematea. «Idazleak ez dira supituki, malabarismoz sortzen», idatzi zuen taldeak, hirugarren zenbakian. «Tamalez untxiak bezain umekor ta zakil bizkorrak ez izanik ezinezkoa dugu kapela hustuetatik bapateko idazle berrien belaunaldi bat sortu. Arbolatxo honen kimu azpian bil gaitezen. Nafarroan euskal literaturaren onerako gerta dadin».Arbolatxoaren kimu batzuetan sagarrak atera ziren batzuetan, beste batzuetan melokotoiak eta, bakan batzuetan, gereziak eta baita aranak ere. Batasun falta leporatu zitzaion. Ez zegoela haririk. Oihartzuna? Handia ez. Arreta, batez ere, Gipuzkoan sumatu zutela dio Azkonak. «Euskadi Irratian bazen orduan Sorgin afaria izeneko irratsaioa, Joserra Garziak eta Pello Zabaletak eramaten zutena, eta horiek oso aipamen politak egin zituzten aldizkariaz. Egin-en, esaterako, azken alea atera genuenean, orduan egin ziguten elkarrizketaÉ».Eta, hala ere, kolaboratzaileak gero eta gehiago ziren hogeitik gora, eta aurreneko urtean ateratzea bazen kontua, ondoren kalitatearekiko kezka nagusitu zen. Aldizkarian Patziku Perurena hasi zen argitaratzen, eta Aingeru Epaltza, Txiki Idoate, Xanti Begiristain, Mikel Bujanda eta Joakin Balentzia, besteak beste. «Euskaraz egitea joera natural eta kontrolaezina da; idaztea, tema gaizto eta kontzientea». Anjel Lertxundik idatzi zuen aldizkari salataria zela, «deseroso samarra eta lotsagabea». «Gure euskarak semaforoaren, asfaltoaren eta bokataren lurrina dauka».1985ean argitaratutako aldizkariak onenak izan ziren. Poskarlismoari dedikatutakoa eta Joakina Txapaltegi deskubritu zutenekoak, bereziki. Iñaki Zabaleta, Josu Landa, Mikel Antza, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Koldo Izagirre, Itxaro Borda izan zituzten orrietan. Azken garaian, jarraitzeko ahaleginak izan baziren ere, hamabigarrenarekinhor amaitu zen.«Guretzat harrigarria izan zen jende asko atera zela idaztera», dio Alonsok. Aldizkariak hirurogei lagunen lanak argitaratu zituen». «Tamalgarria da jarraipenik eduki ez izana», kexu da Azkona. «Horrelakoetan sortzen den dinamika da garrantzitsuena, eta orain ez dago hori».

Desagertu eta gero, arrakasta

Belaunaldiez eta hitz egitea zaila bada ere, egun Nafarroan idazten ari diren gehienek Korrok-en inguruan jardun zuten. Norbaitek deitu zuen 84ko belaunaldia. Eta norbaitek idatzi zuen ere, «gauza hauetan beti gertatzen den bezala», desagertu eta gero izango zuela arrakasta.

Artikulu askok izan zuten bere zera. Bigarren zenbakian, Pamiela eta bere ingurua izenburupean, Potolik kritika egin zien idazle «narzisoei», eta hirugarrenean Korroktegia argitaratu zen: Korroktzaindia «subliteratura egiten dutenen babes eta aterpe antolatua» zen, eta Korrok Armatua «pazientziaz armatuok Korrok argitaratzeko egin behar dugun borroka».4. zenbakian sanferminen inguruan idatzi zuten taldeko gehienek eta lan harengatik bigarren saria jaso zuten San Fermin Kazetaritza Lehiaketan, eta 6. zenbakian Karlismoa hil da, biba postkarlismoa izenburuaren inguruan osatu zuten aldizkaria.Korrikaren inguruan egindako aldizkaria eta gero, Joakina Txapaltegi idazlearen gainekoa etorri zen. Batek baino gehiagok deitu egin zuen, Gallipentzuko andre ikaragarri hartaz zerbait gehiago jakin nahirik. Hamargarren zenbakian, Txillardegi, Pako Aristi, Anjel Lertxundi, Jose Maria Satrustegi eta Xabier Amurizaren biografia txikiak argitaratu ziren, eta hamabigarrenarekin, agurra. «Gure kupel literarioa ahitu egin zaigu. Hagitz gustukoa izan dugu, zipotzak irekirik iraun duen bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.