Literatur botika digitala

'Literatur mikropilulen farmazia' blogak leku eman nahi die sarean idazle euskaldun afizionatu eta hasiberrien testu laburrei.

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Botika berri bat dago Interneten, baina ez du ohiko sendagairik saltzen, arima elikatzeko mikrodosi literarioak baizik. Asier Luzarragak eta Maialen Unanuek bere lekutxoa sortu dute sarean, urrian abiatu zuten Literatur mikropilulen farmazia eta pixkanaka botikarioak eta hitz idatziaren mendekoak beraienera bilduz joan dira.

Literatur mikropilula bat terapiarako dosia dela diote: «Literatura beti izan da horrelako zerbait, kontsolamendu moduko bat», uste du Unanuek. Luzarragak gehiago zehaztu du kontzeptua: «Mikro formatuan dagoen literatur partikula da. Mikro denbora eta espaziozko zentzu batean, gutxi okupatzen duen zerbait, zortzi lerro ingurukoa eta momentu batean irakurtzekoa. Poemak, narrazioak, edo zerbait multimedia ere izan daiteke».

Botikariei dagokienez, euskaraz idazteko zaletasuna duten guztiei zabaldutako egitasmoa dela argitu dute. Luzarragaren arabera, beren hasierako asmoa pixkanaka betetzen ari da, eta, hasiera batean, eurek eta literatura tailerretako lagunek idazten bazuten ere, parte hartzea zabalduz joan da: «Engranaje moduko bat sortu nahi genuen, edukiak jendearen parte hartzearen bidez sortzea nahi genuen. Lehenengo bultzadak guk eman genizkion, gure testuak sartuz eta hurbilekoei idatz zezaten eskatuz. Orain heldu da momentua ezagutzen ez dugun jendearen testu gehiago ditugula, hurbilekoenak baino».

Oro har, botikari gazteen pilulak biltzen dituela uste dute, nahiz eta idazle helduen testuak ere jaso izan dituzten. Botikarien artekoak dira Jon Gerediaga eta Agustin Arrieta idazleak ere, «Gerediagak poematxo bat eskaini zion gure guneari eta Agustin Arrietak testu bat laburtu zuen farmaziarako», argitu du Luzarragak.

Mikrodosien formatua hartu dute, Internetek hala eskatuta; izan ere, sareak informazioa barneratzeko modu azkarra eskatzen du, haien iritziz: «Horrek ez du esan nahi txarrak izan behar dutenik, pozoia dosi txikietan doa; uste dut zerbait laburraona bada, doble hobea dela. Ez dakit lortzen dugun ontasun hori, baina saiatzen gara», zehaztu du Unanuek. «Bidaltzen dizkiguten testuen artean denetarik dago, baina horien artean niri batzuk asko eta asko gustatzen zaizkit».

Testuok egunerokotasuneko gaiak jorratzen dituzte, batik bat, «Jendea askatzen ditu bere barneko gauzak, normalean gogoetak izaten dira», uste du Luzarragak. Generoei dagokienez, berriz, farmaziak poemak, mikroipuinak eta bestelakoak biltzen ditu: «Guri gustatuko litzaiguke ere beste euskarri batzuetara zabaltzea. Baina ulertzen dugu hori zailagoa dela eta denbora gehiago eskatzen duela prozesuak».

Euskal literatur blogosfera

Bloga sortu zutenetik euskarazko blogosfera hobeto ezagutzeko aukera izan dutela azaldu dute biek, eta harriturik daude euskarazko zenbat literatur blog dauden: «Internet oso zabala da, egia esan, Mikropilulen Farmaziarekin hasi nintzen arte ez nituen ezagutzen, eta harrituta gelditu nintzen. Farmazian idazten duten askok beren blog pertsonala daukate, literatur blogak gainera, eta pentsatzen dut egongo direla asko ezagutzen ez ditugunak eta gustatuko litzaiguke horiek ere ezagutzea. Azken finean, denok unibertso berean gaude, eta polita da elkarrekin gozatzea eta elkartzea», iritzi dio Unanuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.