LITERATURA. Bilbo miau-miauka

Bixente Serrano Izko.
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ederra titulua: Atsekabe zaitut. Indartsua, adierazkorra. Eleberria bera bezain gihartsua, eleberri barneko munduaren mezulari sendoa. «Atsekabe zaitut»... nor dugu zu hori? Hamar kankailua? Mundua? Nobelako Bilbo oniriko fantasmagorikoa? Baliteke amaraun horretan sartzen ausartu diren irakurle gehienek pentsatzea norbera dela zu hori: «Atsekabe nauzu, Irati!». Hain zaila baita irakurleari eskatzen dion lana, narrazioaren hariari jarraitu nahi badio. Alta, amaraunean sarturik, harrapaturik aurkituko du bere burua bilbeko hariek ehunduriko giro sentikorrean, bizitza gogaikarrian.

Irati Jimenezen lan honetan badago hari narratiborik, badaude gertaerak, badago istorio kateatu bat. Baina abiapuntu gisa hartu du istorioa, ez preseski berau irakurleari kontatzeko, baizik eta protagonisten izpirituan sarrarazteko, haien sentsazioetan, haien gogaitean, haien atsekabean. Eme izeneko emakumezkoa dugu protagonista, Hamar kankailu ireki eta kanporakoia haren kidea. Adiskide minak gaztetatik, lesbiarra Eme, heterosexuala Hamar. Maitemindurik elkarrekin, halako amodio sendo baina platoniko infernutarra bien artekoa. Banaezinak biak lanean eta mozkorraldietan, gau eta egunetan, beraien arteko gogait, konfidentzia, txantxa eta jolasei dagokienez. Ohea izanen da biak bereizten dituena. Emek, aldizka, Katuen Kaleko Andereñoaren etxean asebetetzen du bere sexu egarria. Emek eta Hamarrek, biek ala biek, mundua aldatu nahi izan zuten ikasle garaietan, baina Bilboko katuen munduan -txakurrak etsai- harrapaturik gelditu ziren, laneko giro gogaikarrian, gaueko giro askatzailean, haluzinazioetan, metamorfosien mundu surrealistan. Zer egin zuten eta zer egiten duten gaur jakiteko, euskarri gutxi eskainiko dio idazleak irakurleari: honek berreraiki beharko du, nahi izanez gero..., ez badu erabakitzen gutxi inporta zaizkiola horrelako zertzeladak, anitz gehiago interesatzen zaiola mundu bitxi horretako giroan murgiltzea. Eta horretan dihardu Irati Jimenezek: abiapuntu hutsa da istorioa, haren abstrakzio lan eskerga hartu du giro eta atmosfera bereziaren sorrerari ekiteko. Adibidez, bikote protagonistei unerik intentsuenetan metamorfosia gertatzen zaie, katu bihurtzen dira edozein bazterretan, gizakion abere erroak ageriko lore bihurtuz, gure abere behar elementalenak biziro asebetetzeko orduan -abisua, alta, irakurleari: nire hau metamorfosi horien irakurketa posibleetako bat baizik ez da-. Eta, bidenabar, oharpentxo bat: oraindik labur, baina bere tradiziotxoa osatzen ari da katuen presentzia gizatiarra gure euskal literaturan; Unai Elorriaga, Eider Rodriguez, Irati Jimenez orain...

Bide berezia jorratzen ari da gure idazle hau bere narraziogintzan. Indartsu, sakon, errealitatearen bertze aldeak islatze aldera fantasia eta ametsetako mundu onirikoaz baliatuz, halako surrealismo eta espresionismo arteko bidegurutze batean. Artez landuriko estilo eta erritmo narratibo batekin: bai gramatikan bai narrazioen garapenean elipsiei emanik irakurleak berak bere bideak ireki ditzan, parte-hartzaile bihur dadin istorioen zertzeladetan, giroan eta sormenean. Lan handiegia, akaso, irakurle anitzentzat. Eta azken lan honetan haratago joan da gure idazlea. Baina merezi du, zinez, Irati Jimenezekin horrelako barne-bidaietan saiatzea.

Ezin utzi aipatu gabe nobela honen marrazkigilearen lan eder eta adierazkorra, Iratz Intziarterena. Irakurlearentzat lagungarri izateaz gain narrazioaren euskarri gisa, bete-betean lortu du testu idatziaren indar espresiboa aberastea.



'ATSEKABE ZAITUT'

Egilea: Irati Jimenez.

Ilustrazioak: Iratz Intziarte.

Argitaletxea: Txalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.