Eguraldi onak egin dio ongietorria Literaturiaren bigarren egunari; eguzkitsu eta tenperatura leuntzen zuen haize atseginarekin esnatu baita Zarautz (Gipuzkoa). Larrua gaitzat hartuta, Plazer hutsa lelopean egiten ari dira asteburu honetan euskal liburuen azoka.
Kalera atera dute literatura argitaletxeek, Musika plazan hainbat erakusmahai jarrita. Goiza motel samar hasi arren, nabaritu da mugimendua eguerdi aldera, eta herritar ugari ibili dira liburu eskaintzari so. Lagun giroan igaro da eguna, eta nonahi ikus zitekeen kultur munduko jendea elkarrekin hizketan. "Ekosistema txikia gara, denok ezagutzen dugu elkar", azaldu du Txalaparta argitaletxeko Mikel Sotok.
Azoka ez ezik, emanaldiak eta liburu aurkezpenak dira Literaturiaren beste ardatza. Jende ugari bildu da eguerdian, Modelo aretoan, ITU bandak estreinatu duen Isabel Iturberen bizitza eta heriotza irakurraldi dramatizatua ikusteko. Harrera beroa izan du ikuskizunak, eta gustura atera dira ikusleak. Arratsaldean Mr. Señora antzerki errezital dramatizatua aurkeztuko du Metrokoadroka taldeak, eta 20:00etan kontzertua eskainiko du Ruper Ordorikak.
Liburu aurkezpenei dagokionez, Garoa liburu dendan izan dira Oier Guillan, Peru Magdalena, Jon Ariza, Asier Serrano eta Joxean Agirre idazleak goizean, eta Aritz Mutiozabal, Pako Aristi, Goiatz Labandibar, Egoitz Zelaia eta Markos Gimeno ariko dira arratsaldean.