Liburuaren titulu bereko arte instalazio bat du Txomin Badiolak Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoan (Espainia). Giza neurrira egindako egurrezko eraikin bat da, eta ikuslea bertara barneratzen da pertzepzio jolas batean partaide izateko. Hara sartzen denak aurrerantzean ez daki bera den edo beste bat bere begiekin ikusten duena. Bestea norbera izan daitekeela, eta alderantziz, norbera bestea, horixe da Badiolak proposatzen duena. Artista bizkaitarra horren instalazioaren izen bera duen liburu berri honek ere (El juego del otro), jokoaren bidez, dibertimendu gisara, literaturaren korapilo garaikideetako zenbait askatzen saiatzen da: adibidez, egile, narratzaile eta pertsonaiaren nahasketa posibleez dihardu, original izatearen ezinezkoaz, kopiaren plazeraz eta plagioaren berrasmatzeaz, besteak beste. Eta niaz eta besteaz, bereziki.
Vila-Matas eta Echenoz
Liburuaren lehen herenean Vila-Matasen eta Jean Echenozen arteko elkarrizketa bat dago. Elkar ezagutu zireneko tabernaz galdetzen dio Vila-Matasek, eta hori euren lanez, euren moduez eta ikuspuntuaz hitz egiteko aitzakia bat baino ez da:
Echenoz: «Hemen gure lanaz hitz egiten ari gara: hartzeaz, lapurtzeaz, jabetzeaz, desbideratzeaz, munduaren pertzepzioa mila zatitan egin eta beste berrantolaketa bat proposatzeko zati horiek beste modu batean biltzeaz. Zeuk egiten duzun bezala, nik ere ez diot kaleko edozein elementu niretzat hartzeari uzten (entzundako istorioak, airean harrapatutako hitzak, grafitiak, bat-bateko argazkiak, film zatiak, telebistako inozokeriak, aipuak...), sortzen ari garen irudi berri asmatu horretan zentzua izan dezaten. Nobelagile baten irudimena deitzen duguna ez da berrasmatze eta berrantolatze lan bat besterik.»
Vila-Matas: «Paradoxikoa irudituko zaizu, baina nik idazle gisara originaltasuna beste ahots batzuen asimilazioan aurkitu dut. Ideia eta esaldiek beste esanahi bat hartzen dute glosatzen ditugunean, apur bat aldatzen ditugunean, testuinguru harrigarri batean jartzen ditugunean.
«Erik Satie izena dut, mundu guztiak bezala». Juan Villorok idatzi duen musikari frantsesaren esaldi horrek bere barruan ezkutatzen du nik nortasuna ulertzeko dudan modua. Satie errepikaezina da, eta esaldi horren bidez, anonimotasun garailean desegiteko modu propio bat aurkitu zuen: orain, bakarra dena guztien ondarea da.
Eta bai, beste askoren ondoren idazten dugu. Eta niri ez dit inongo arazorik sortzen ebidentzia hori aitortzeak. Gehiago esango dut: gustatzen zait hori aitortzea, nire baitan Inor Ez izateko nahi batek egin baitu habia. Horrek, ni ez izatera bultzatzen nau sarritan, eta, aldi berean, lotsagabeki, besteak ere izatera.»
Jean Echenoz: «Orain ez naiz idazle hitzaz fio. Nitaz ari naizenean ahalik eta gutxien erabiltzen dut: fetitxea dela iruditzen zait, apaina, marmolezkoa, astuna, solemnea, eta hitz bakarrean esateko, amorragarria. Gainera, ez da nire ofizioa. Gaztetan halako moduz liluratzen ninduen marka soziala iruzur bat iruditzen zait orain».
Gifford eta Klee
Garaikide ez izanik (Klee 1940an hil zen, Gifford 1946an jaio), ezin zituztenez elkarrizketarako batu, Paul Kleeren lan baten gaineko ariketa bat proposatu zioten Barry Gifford idazle amerikarrari. Klee artista ezagunak 1914ko apirilean Tunisiara egindako bidaia bateko egunerokoa idatzi zuen. Eguneroko hark gehiago zuen asmazio, inpresio eta ametsen deskribatze luze batetik, nondik norako bizipenen zerrendatzetik baino.
Paul Kleek ez zuen bidaia hura bakarrik egin, August Macke izan zuen bidelagun Afrikako iparralderako joanaldian. Bidaidearen egunerokorik ez den arren (ez da zehazten Mackek ez zuen idatzi edo galdu egin zen), Mackeren begietatik bidaiaren segida idazteko lana eman zioten Giffordi.
Ondorioz, paradoxa eder bat da pasarte horren abiapuntua: Paul Kleeren eguneroko erreal edertua dugu alde batetik, gertatua idatzi beharrean, kronikari baino inpresio eta ameskeriei leku gehiago eman ziena, eta, bestetik, Mackeren lekutik Barry Giffordek idatzitako erreal itxurako fikziozko egunerokoa dago. Irakurleak biak parekatu egiten ditu bata bestearen segidan irakurrita. Tunisiako bidaia bera da, bi bertsiotan kontatua: bata gaurkoa eta bestea garai hartakoa, biak erreal eta asmatu, kronika asmazio baita, eta asmazioa kronika, gaurkoa erreal asmokoa eta ordukoa asmazio ukitukoa, zer den zer ezin ezberdintzeraino, literaturaren iruzurretan txirikorda egiten.
Auster eta Calle
Behinola Sophie Calleren bizitzako pasarteak hartu zituenLeviathan nobelarako Paul Austerrek, eta oraingoan, beste joko bat proposatuz, artista eta idazle frantziarrak pertsonaia bat sortzeko eskatzen dio amerikarrari, berak bizia eman diezaion egunerokoan. Hala, irribarreak eskaini, gose denari jatekoa eman eta New Yorkeko ertz bat bere egin behar duela, hura zainduz eta hari protagonismoa emanez, agintzen dio Austerrek. Callek Austerrek emandako aginduak praktikara eramaten ditu, bitartean gertatzen zaion guztia zenbatuz eta kontatuz.
Greenwich eta Harrison kaleen artean dagoen telefono kabina bat hartzen du horretarako. Edertu egiten du, grabagailua jartzen dio azpietan elkarrizketak entzuteko, eta zigarroak eta oharrak idazteko libreta bat uzten ditu, inork telefonoz hitz egiten duen bitartean idatzi, zerbait eskatu edo zerbait erre nahi balu. Bienbitartean, esperientziak irauten duen aste horretan, egunero ordubetez, han jazotakoa gordetzen du artistak: irribarre egiten dio jendeari, eta trukean irribarrerik jasotzen duen kontatzen du, hitz eginarazten dio jendeari, gose denari sandwichak ematen dizkio jateko, zigarroak bestela.
Bera Sophie Calle izan arren, bere izaera eta maniekin, Austerrek agindu bezala eramaten du dena eguneroko performance horretan, idazle amerikarrak jarritako baldintzetara makurtu eta beste bat izanez, edo hura izaten saiatuz bederen.
Gotham Handbook izena eman zioten esperientzia horri. Esperimentu horren datuak zenbatu zituen Callek amaieran: 125 irribarre eman eta 72 jaso zituen trukean; 22 sandwich banatu zituen, eta hamar ez zizkioten hartu nahi izan; 8 tabako pakete banatu zituen, eta bat berari ere ez zioten uko egin; 154 minutu pasatu zuen kaleko jendearekin hitz egiten.
Austerrek izateko modu baten baldintzak paratu zizkion idatziz, literatur pertsonaia bat sortzen ariko balitz bezala, eta Callek hezur-haragiz praktikan jarri zuen, giza esperientziaz artefaktu literario bihurtuta itzultzeko.
LITERATURA. Hiru saiakera, bestea izaten ahalegintzeko
Hiru ariketa, eta hirurak literaturaren iruzurrari buruzkoak. Enrique Vila-Matas eta Jean Echenoz alde batetik, Paul Klee eta Barry Gifford bestetik, Sophie Calle eta Paul Auster azkenik. 'El juego del otro' liburuan (Errata Naturae, 2010), iruzurraz, klixeaz, errealaren eta fikzioaren mugez ari dira sei egile horiek, gertatu ez zena gertatu zenaren itxurak eginez, errealitatea asmatuz, pertsonaia bat sortuz eta hura haragiztatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu