Turina iritsiko da gaur Lertxundi bidaiaria, eta hiru egun emango ditu han (egun horietako bat Aosta bailarara joateko baliatuko du). Asteartean, uztailak 6 dituela, Turindik Triesterako hegazkina hartuko du, Erroman eskala laburra eginda, eta bi egun emango ditu Triesten (Bolzano bisitatzeko aukera ere baliatuz). Uztailaren 8an, berriz, Triestetik Rijekara joango da, autobusean, eta bidaiako azken bi egunak Venezian emango ditu. Uztailaren 11n itzuliko da Euskal Herrira.Turin aukeratzeko arrazoi bat baino gehiago izan du Lertxundik: «Hiriak neorealismoarekin nahiz Erresistentziarekin duen harremana interesatzen zait, eta baita oso atsegin zaizkidan Erresistentzia garaiko idazle batzuekin duen lotura ere, Cesare Paveserekin esaterako».Aostara joateko arrazoietako bat, «mugan egoteaz eta bere arazo partikularrak izateaz aparte», Erresistentziari buruzko museoa da. «Nik dakidan heinean, literaturari ere garrantzia ematen dio museo horrek».
Trieste, aldaketa ugariren lekuko izandako hiria
Trieste joko du hurrena Anjel Lertxundik bere bidaian. «Triestek aldaketa handiak izan ditu XX. mendean», komentatu du. «Verde aqua liburu benetan gomendagarrian, Marisa Madierik Claudio Magrisen emazteak haurtzaroko oroitzapenak kontatzen ditu, haur baten ikuspuntutik: zenbat ikastetxe, zenbat hizkuntza aldaketa, zenbat gobernu aldaketa... Aldaketa kulturalak eta politikoak etengabeak izan ziren, garai hartan, bere familian».
Hizkuntzaren inguruko kontuetan ere badu interesik Triestek, eta kontu horiei ere erreparatzeko asmoa du Lertxundik. Ladinoa da inguru horretan bizirik dauden hizkuntzetako bat; 25.000 baino ez ditu. Bolzanon, berriz, Italiako mugen barruan, alemaniera mintzatzen da, eta hiri horri ere bisitatxo bat egiteko asmoa du bidaiariak, Triesteko egonaldia baliatuta.«Rijeka ez da Italia, eta historikoki ere ez da Italia izan, baina une batean Italia izan zen, Fiume izenarekin», ekarri du gogora Lertxundik, bidaiako hurrengo hiriari txanda heldutakoan. «Hain zuzen ere, errepublika independentea sortu zuen han, Fiumen, Gabriele D'Annunzio poetak. Egun bat behintzat eman nahi dut hiri horretan, poeta ero batek sortutako asmazio hori gogoan».Venezia izango da bidaiako azken hiria. Arthur Schnitzlerren Casanovas Heimfahrt (Casanovaren itzulera) nobelan agertzen den «dekadentzia»izango du ardatz eta abiapuntu Lertxundik Venezian emango duen denboran . «Venezian lauzpabost aldiz egona naiz, baina aspaldi, azkeneko 20 edo 30 urteetan ez bainaiz itzuli. Orain ikusi nahi dut nola itzultzen naizen, zerekin topo egiten dudan eta zer sentitzen dudan».Leku bakoitzaren inguruan aldez aurretiko ideia bat duen arren, bidaiak berak erabakiko du, neurri handi batean, Lertxundik, idazterakoan, nondik nora joko duen. Ez daki zenbat erreportaia idatziko dituen ere. «Bidaian bertan ikusiko dut hori», dio. Lertxundik Martxelo Otamendi zuzendariarekin eta Berriako beste arduradun batzuekin egindako bilera batean sortu zen, inpentsan, bidaiaren eta erreporteien ideia. «Egunero egiten dudan zutabea irailetik aurrera ere egiten jarrai dezadan animatzeko antolatu zuten bilera, eta azkenean zutabearekin jarraitzeko konpromisoaz gain erreportaia horiek idaztekoa ere hartu nuen. Solasaldi normalean sortu zen ideia, naturaltasun osoz, aldez aurretiko inolako planteamendurik gabe».
-
LEKUEN HAUTUA
Italia, idazlearen erreferentzia aspaldidanikoa
Italia eta italiera ez zaizkio inondik ere arrotz Anjel Lertxundiri. Erroman egin zituen ikasketak eta han idatzi zuen lehendabiziko liburua: Hunik arrats artean (Erein, 1970).
«Nire ibilbidean, garai batean, neorealismoak garrantzi handia izan zuen», gaineratu dio horri idazleak berak, «bai idazle moduan eta baita irakasle moduan ere, askotan azaldu bainuen neorealismoa Irakasle Eskolan».Ugariak dira italiar idazle batzuen erreferentziak eta aipuak Anjel Lertxundiren obran: Italo Calvino, Leonardo Sciascia, Cesare Pavese, Italo Svevo, Claudio Magris, Gesualdo Bufalino....Turinen, Aostan eta Venezian egona da lehendik Lertxundi. Triesten eta Rijekan, ez. Italiera ez du inondik ere ahaztua, baina bai «pixka bat herdoildua, praktika faltaz, hizketan hasteko orduan». Herdoil hori kentzen lagunduko dio gaur abiatutako bidaiak.