LITERATURA. Idazleak, kazetariak, notarioak eta beste

lander garro
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ez dakit nondik datorkidan izu hori. Liburutegietan sartu orduko harrapatzen nau. Dela isiltasunagatik, hango beroagatik agian, jendeak zeharka begiratzeko daukan joeragatik, begiradaz errieta egiten ariko balitzaizkizu bezala... gorri-gorri eginda jartzen naiz, ezin jakin zergatik. Kras-kras egiten dute oholek oinen azpian, euli baten firrinda entzun daiteke, eta apalategi handi horiek, jakintzaz beteta: nobelagile mitikoak, entziklopedia puntillosoak, geografia liburu astunak... Kristo!, nola ez kikildu?

Tira ba, apur bat horixe gertatzen zait zuekin literaturaz berriketan jardun beharko dudala pentsatzean: berokia eta txanoa kendu gabe atetik atzera alde egiteko tentazioak harrapatzen nau. Philip Rothen Marcus Messnerren modura sentitzen naiz, unibertsitateko zera zeremoniatsu horren aurrean erabat ezgauza, jokoz kanpo, zokoratuta.

Bueno, aski. Ez dezagun dramarik egin.

Generoen auziari eutsiko diot beraz, Iratxe, berandu baino lehen. Idazleok emakumeen kontrako bortizkeriaz jarduteko erabiltzen ditugun ereduak aipatu dituzu, eta, zehazkiago, eredu periodistikoak. Niri eredu periodistikoa ez zait berez, definizioz txarra iruditzen. Kazetari on askoak daude, idazle asko baino hobeak. Gugandik gertu, Alberto Barandiaran edo Imanol Murua Uria; urrutiago, aldiz, alferrik zerrenda egiten hastea, ezta? Baina nahiko nuke neuk, adibidez, Relato de un naufrago bezalako liburuxka idatzi, Garcia Marquez periodista zen garaian idatzitako kronika eder hura. Kontua, beharbada da kazetari hitza erabiltzen dugula txar esan nahiko genukeenean, zabar, landu gabeko. Kazetaritzan, hain justu, notario hitzez ezagutzen dena («hori ez duk kazetariaren idazkera, hori notario batek idatzitakoa ematen dik»). Dena da hierarkia, eta beti dago norbait gure azpian.

Laburtuz, esango nuke arrazoi duzula, Iratxe, esaten duzunean emakumeen kontrako biolentziaz hitz egin duenean, geure literatura, herren eta motz geratu dela, baina ñabardura hau egingo nuke: ez, preseski, kazetaritzaren erruz. Idazleok daukagu errua, ez dugu inoren laguntza eta estimulua behar gauza zinez txarrak idazteko.

Eredu gabeziak ere, ez dut uste bekatuaren larritasuna arintzeko balio dezakeenik. Esan nahi dut: gaurko idazleok ez ote daukagu, daukagun corpusarekin (geure nobelak nahiz atzerrikoak, narrazioez aparte), emakumeen kontrako bortizkeria azalduko lukeen nobela idazteko nahikoa material? Ez daukagu gizakiaren konplexutasuna, eta, zehazkiago, petralkeria norainokoa den esplikatzeko baliabiderik? Ez dut uste, berriz diot, hori denik arazoa. Arazoa, nire ustez, beste bat da: euskal literaturak, oro har, trebezia falta nabarmena erakutsi duela bere garaiko kezkak eta arazoak jorratzeko. Alegia, guretzat beti izan dela garrantzizkoa, seguruen hizkuntzaren ajeak oso present ditugulako, nola esan gauzak, baina ez zer. Jipoitutako emakumeen hematomen tonu zehatza antzinako euskaldunaren espektro kromatikoaren arabera nola izendatu beharko genukeen: ubeldura edo beltzune... Filologiak bizi gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.