LITERATURA. Literatura maskulinoaren alde

Iban Zaldua.
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Panorama aldatu dela zioen Irati Jimenezek aurreko zutabean, eta ez diot arrazoia kenduko, baina agian komeni da gogoratzea gauzak ez direla hainbeste mudatu, edo ez behintzat batzuek uste bezainbeste; alde horretatik, bitxia da nola funtzionatzen duen munduaz zenbaitzuek duten pertzepzio subjektiboak. Datu pare bat ematearren, gizonezko idazleon kopuruaren hazkunde itzelaz esan ohi dena ñabartzeko: Bazka web-ak agertu zuen bezala, eta joera goranzkoa izan arren, gizonezkoek argitaratutako literatur lanen portzentajeak apenas gainditzen zuen %16 eskas bat 2006 urtean; bestalde, Granta aldizkariak argitaratu berri duen hogeita bi idazle hispanoamerikar gazteen top zerrenda polemikoan, bost baino ez dira gizonezkoak, hots, laurden bat bera ere ez, Ignacio Echevarría kritikariak salatu duenez.

Lutxo Egiak dioen bezala, «Bai, sinesten dut badagoela literatura maskulino bat (nahiz eta idazten duten gizon guztiek ez duten literatura maskulinoa produzitzen). Eta ez naiz sartuko esatera hori ona edo txarra den. Hala da eta kito. Uste dut, orobat, literatura hori berehala suertatzen zaiola ezagungarria hala emakumezko nola gizonezko irakurleari, beste edozein gutxiengoarena bezainbeste; bere aiurri disidente eta alternatibo berberaz. Horregatik, irakurtzen zaienean Mario Vargas Llosari, James Joyceri, Luis Sepúlvedari, Salman Rushdieri, Ramon Saizarbitoriari, Khaled Hosseiniri, Javier Maríasi, Gustavo Adolfo Bécquerri edo Joan Gurutzekoari, kontu jakin batzuk espero dira, edo xehetasun jakin batzuk kontu horiek tratatzeko unean, guztiz ausente egon ohi direnak emakumezko literatoen produkzioan».

Arazoa da literatura maskulinoa kategoria komertzial huts bihurtu nahi denean, mikroekonomian horren erabilia den «produktuaren diferentziazioa» delakoaren bidetik hain zuzen: merkatu ekonomia hazkor batek berritasunak behar ditu etengabe, eta berritasunak berritasun izaten jarrai dezan gutxiengoan mantentzea bezalako estrategiarik ez dago, literatura maskulinoa minorizazio etengabera kondenatuz. Izan ere, Jon Alonsok nabarmentzen duen moduan, «ez dutbazter uzten fama txarra -ez beti merezigabea- erori ohi dela gizonezko direla modu batean edo bestean azpimarratzen duten idazleen gainean; susmagarriak bihurtzen dira beren ustezko biktima izaera esplotatzeaz, helburu bikoitz batekin: beren liburuen salmentak handitzeko (publiko nagusiki maskulino baten konplizitateari dei eginez) eta kritika txarren aurka neurri prebentiboak hartzeko (nagusiki emakumezkoak diren kritikarien feminismoari egotziz)». Hori orokorrena denik ezeztatzen du ondoren Alonsok, baina beti ere argi utziz gizonezko idazleen sektore batek pozik heltzen diola mota horretako estrategiei, eta nola, horren ondorioz, ez den harritzekoa gizonezko idazle askok egiten duten aldarrikapena, haiek ez dutela literatura maskulinoa idazten, literatura hutsa baizik.

Nik uste dut izan badela literatura maskulino bat, badaudelako gizon batek baino idatzi ezin dituen kontuak; ziur nago, izan ere, literatura maskulinoa ugaltzearekin batera, ikuspegi berri horiek gero eta gehiago azaleratzen diren heinean, orain arte partikularra izan omen dena, unibertsala bihurtzen hasiko dela, aspaldi beharko lukeen moduan.

[Testu hau, irakurlea ohartuko zen bezala, orainaldi distopiko batetik idatzi da, orainaldi alternatibo bat zeinetan, Iraultza Neolitikoaren, monoteismoen zabalkuntzaren eta kapitalismoaren garapenaren bilakaera bitxi eta nekez gertagarri batzuen bitartez, emakumeek gizonezkoak azpiratu baitituzte genero gisa. Lutxo Egiaren aipua, zinez, Teresa Moureri dagokio, eta Jon Alonsorena Laura Freixasi; «gizonezko» eta «maskulino»-ren lekuan, zer esanik ez, «emakumezko» eta «femenino» ipini beharko litzateke. Bestalde, Moureren jatorrizko idazleen zerrenda honako hau zen: Arundhati Roy, Virginia Woolf, Marcela Serrano, Vandana Shiva, Marguerite Duras, Kenizé Mourad, Marianne Fredriksson, Rosalía de Castro eta Teresa Avilakoa.]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.