Txikien jolas liburua
Frantziar ilustratzaile hasi berria, Le Huche arrakasta handiko tituluak sinatzen ari da. Ospetsuenen artean, euskaratu berri den honetaz gain, Colère, tu m'énerves !, Hector, l'homme extraordinairement fort, Les sirènes de Belpechao eta Bertille Bonnepoire a le cafard daude; baina zerrenda ez da hemen amaitzen, bost urte eskasetan ia 50 titulu sinatzeko lanak hartuta dabil eta. Haur literaturari emana dagoen egilea izanik, Joxe Migel oreinaren istorioa ildo beretik doa. Haur txikienetatik hasi eta toperik gabeko adinetara arteko irakurleak jolasean jartzeko liburua da hau. Bi orrialdeak hartzen dituzten zazpi marrazkietan garatzen den istorioa atzamarrarekin jarraitzeko propio egina dago. Bidexkaz eta ñabarduraz betetako ibilbideetan zehar Joxe Migel orein super-heroiak haurtxoen panpinak erreskatatu beharko ditu. Lanbide zaila, umetxoaren laguntzarik gabe...'JOXE MIGEL, BASOKO OREINA'
Egilea: Magali Le Huche.
Itzultzailea: Inazio Mujika Iraola.
Argitaletxea: Alberdania.
Zure maniak ez haurrei kutsatu
Umorez betetako album ilustratu honek maitasun handiz erretratatzen du nola jartzen ditugun ingurukoak gure mania eta fobia absurdoen eraginpean. Erdi hegazti den izaki bat, kumeei jaten eman behar diela eta, janari bila doa. Inguruan, ordea, ez du jangarria den ezer topatzen, ttanttipiak ez badira. Hara, dena erreza izango zen, baldin eta ama honek ttanttipiak begitan hartua ez balitu. Baina ez, «bere kumetxoei ez lieke ttanttipirik emango, inola ere ez!», pentsatzen du. Etxera iristean umeak goseak akabatzen topatu beharrean, ordea, bizilagunak jaten eman diela jakiten du. Eta ba al dakizue zer eman dien? Obra honetan dena da berri, dena da ezezagun, unibertso paralelo batean murgiltzen gara, baina idazlearen trebeziak eta ilustratzailearen konplizitateak oso ezagun, oso gure egiten ditu hango zeru-lurrak. Gaur afaltzeko ttanttipi zopa denontzat.'TTANTTIPIAK'
Egilea: Mar Pavon.
Itzultzailea: Arkaitz Goikoetxea.
Ilustratzailea: Joao Vaz de Carvalho.
Argitaletxea: OQO / Txalaparta.
Urrestillako gozoki bat
Baziren bost urte Nemesio pertsonaiaren abenturarik kaleratzen ez zuela Aristik, eta berriz ere ekinean etorri zaigu. Oraingoan, zortzi urteko mutiko honi bizitza aldatuko zaio ikasturtearen bueltan. Kolpe berean eskusoinua jotzen ikasiko du, Olentzeroren misterioa argituko, amak nobio berria duela ikusiko eta neskato xarmagarri baten muxua jasoko du. Horra. Eska al liteke gehiago ikasturte bakarrerako, zortzi urte dituzunean? Istorioa ofizioarekin idatzita dago. Gaiak eta kontakizunak berak jakin-mina pizten dute, eta bukaera arte bultzatzen dute irakurketa. Pertsonaiak eta euren izaerak definitzeko ere ez da alfer biderik sortzen. Agian nola amaitzen den izan daiteke narrazio honek duen ahultasun puntu handiena. Tartean zerbait galdu izanaren sentimenarekin dator happy end-a. Dena den,inpresio ona uzten du, dudarik gabe liburua honen irakurketa plazer bat izan da.'NEMESIOREN TRIKITIXA'
Egilea: Pako Aristi.
Ilustratzailea: Javi Kintana.
Argitaletxea: Elkar.