Gazteak fast food-era zaletzen ditugula esan ei zion idazle batek Idurre Alonsori, eta hango zabarkeriatik sukaldaritza gorenera ekartzeko zailtasun handiak dauzkagula. Nolabait esan, heroinaren mundutik neska-mutilak maratoiaren mundura ekartzeko zailtasunak bezalakoak: 13 urterekin litronak edaten hasten badira, nola sortuko ditugu BAT Basque Team-erako bezeroak? Hanburgerrak dira literatura finaren arerio nagusi, beraz. Hala ote?
Teoria horren arabera, bi eremu izango genituzke, bata ona eta bestea kutsakorra, bata delikatua eta bestea perbertsoa, eta, bien artean, marra sakon bat, biak ederki bereiziz. Bidegurutzearen aurretik, a-e-i-o-u oinarrizkoa dago, ba-be-bi-bo-bu, alegia, mekanikaren jakintza, eta bidegurutzearen ondoren, Proust edo Dan Brown, hots, mekanika aplikatzeko unibertsoaren hautua, salbazioa edo kondena.
Ni neu oso berandu hasi nintzen irakurtzen, eta ia beti ahaztu zait esatea nire bizitzatik pasatako irakasle guztiak zapuztuta eta etsita utzi izan nituela nigan irakurle zaletasuna pizten saiatu zirenetan. Duela ez asko horietako bat aurkitu nuen Donostian, eta ni zauritzeko beldurrik gabe esan zidan nik egindako «bideak» guztiz zeukala harrituta: «Nork esango zuen!», bota zidan. Esan dezagun garbiago: irakurtzen ez nuenez, astakirten hutsa izango nintzela uste zuen.
Irakurtzen hasi nintzenean ere, liburu txar samarrak irakurtzen nituen, Michael Crichtonenak, Stephen Kingenak, eta abar. Hanburgerrak. Batzuk ketchuparekin, mostazarekin besteak, baina fast food alorrekoak denak ere. Euskaraz irakurri nuen lehen liburuetakoa Jon Arretxeren Ostegunak izan zen, barrez lehertzeko moduko liburu ederra, entretenigarria, zaletasuna egiten duten horietakoa, baina gure literatur sisteman liburu komertzialen artean sailkatua. Hau aitortzeak dakarren arriskuaz jabetuta nago. Nire etsaiei bazka ederra eman diet orain ere (euren batzar intelektualetan afalostea luzatzeko gaia ere bai —ez horregatik—). Batek baino gehiagok pentsatuko du liburu txar horiek liburu hobeagoetara jotzeko oztopo direla, baina nik aurkakoa uste dut, hau da, liburu onetara iristeko liburu horiek ezinbesteko pauso direla. Demagun aurkakoa egiten dugula, irakurle berriei liburu onak ematen dizkiegula, esaterako Hamaika pauso edota Sua nahi Mr Churchill? Nola ekarri liteke inor liburu zaletasunaren kausara halako adreiluekin? 18 urteko gazte bati Hamaika pauso ematen badiozu, «hau euskarazko literatura ona» dela esanez gainera, pentsatuko du euskarazko literatura mundu hermetikoa eta itxia dela, eta ideia horrekin aurrerantzean gure liburuetara gerturatu ere ez du nahiko, eta okerragoa dena, ingurukoei ere grina ebatsiko die.
Kontua, agian, irakurlearen berezko anbizioan datza, edota anbizio falta erabatekoan. Ze, esan dezagun egia, munduan denetik baitago. Batzuek liburu arinak hartu eta bigarren hilabeterako gainditzen dituzte horiek, eta beste estimuluetara jotzen dute, liburu zailagoetara, aberatsagoetara, seko kateatuta, eta beste batzuek bizitza osoa ematen dute milioi bat ale saldutako liburu kaskarrak irakurtzen, modu obsesiboan, liburu haietako kartoi-harrizko pertsonaiekin liluratuta. Eta horrek, agian, ez dauka erremediorik. Ala bai?
Literatura. Hirudia
Literaturaren 'gourmet'-ak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu