Hirudia

Literaturaren hegiak

Iratxe Retolaza Gutierrez.
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Egiak behar luke izan literaturaren jomuga? Literatur ikuspuntuaren araberakoa dugu erantzuna. Lander Garrok literatur obra batean irudikaturiko egiari egiten zion keinu, eta Iban Zalduak, aldiz, irakurlearen egiari. Literaturaren eta egiaren arteko bidegurutze horretan, horixe baitugu bihurgunerik nahasiena: komunikazio literarioaren zein alderditan bilatu behar dugu egia? Sortzailearen jarrerak izan behar du egiazko, edo beste nonbait bilatu behar da egia hori? Hala bada, non ote? Pertsonaien ahotan, narratzailearen ahotan, ni poetikoaren ahotan, lerro artean…

Zail egiten zait literaturaren eta egiaren artean zubiak egitea, eta zailago literatur testu guztiek eta genero guztiek harreman bera balute bezala mintzatzea. Azken batean, literaturaren eta egiaren arteko lotura horrek nolabait literatur hitzarekiko fedea gordetzen du. Alegia, literaturak egia bat transmiti dezakeela pentsatzeak, ezinbestean ekuazio batera garamatza. Zer adierazi nahi, hura ulertarazi egiten duela literatur testuak. Eta ez dut uste literaturan hala denik, eta askotan literatur testu batean egileak komunikatu nahi duen hori ez da izaten irakurleek jasotzen dutena.

Testu autobiografikoen irakurketekin ere horixe dugu kezka nagusi, ez baitugu modu berean jasotzen eta irakurtzen testua autobiografikoa kontsideratzen badugu, edo fikziozko. Testua autobiografikoa denean, sinesgarritasuna ez da irudikatzen idaztankeran, baliabide erretorikoetan edo testuaren egituran. Autobiografia baten sinesgarritasun maila ziur asko egilearen irudiak sortzen du —batik bat egilea garaikide eta hurbilekoa denean—. Alegia, egilearen jarrera sinesgarria bazaigu, autobiografian esandakoekiko ere jarrera sinesberagoa izango dugu, baina, aldiz, egilearekiko (pertsonarekiko) mesfidantza badugu, ez dugu haren testu autobiografikoan sinesgarritasunik antzemango, nik uste.

Bestelakoak dira, aldiz, fikziozko testuetan sinesgarritasuna sortzeko bideak. Idaztankeran eta testuaren barne-logikan garatu behar da sinesgarritasuna, ez duenak beti zertan egiantza izan. Alegia, fikziozko subjektu hori egin behar zaigu sinesgarri, eta baita unibertso literarioa ere. Akaso, egiazko ez dena, eta izan nahi ez duena ere.

Literaturaren jomuga sarritan egien bilaketa izan beharrean galderen bilaketa delako. Literaturak koskak, ertzak eta hegiak ere irudikatu ohi dituelako. Testimonio baten atzean ere esperientzia bat komunikatzeko asmoa dagoelako, eta ez besterik. Lekukotza bat, esperientzia baten transmisioa, baina, ez egia konpartitu bat. Ziur asko, hegiazko eremu gehiago direlako literaturan konpartitzen direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.