Literatura. Hirudia

Literaturaren plazera

lander garro
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Umeei literatura irakasteko moduak aipatu zituen lehengoan Idurre Alonsok, gai zinez interesgarria, baina neure eskumenetatik ihes egiten duena errukirik eta erremediorik gabe. Ume bat literaturaren plazerean hezteko erronka aipatzen didaten bakoitzean, korrika alde egiteko gogoa sortzen zait, Polizia ikusten dudanean bezala ia. Genetikoa da, aizue. Utz iezadazue, beraz, gaiari iskin egin diezaiodan, axola ez bazaizue.

Mesanotxean liburuak dozenaka pilatzen dituenetakoa naiz. Liburuak irakurri gabe irakurtzeko artean trebatzen hasia naizen seinale, seguruen. Orritxo batzuk diagonalean pasa, eta aurrera, beste liburu bat. Merkatuko liburu gehienek ez dute haiekin denbora gehiagorik galtzea merezi. Ireki eta saltoka bistadizoa botatzea, batzuetan, gehiegi ere izan liteke. Luxua. Hasier Etxeberriak horri buruzko liburuxka probokatzaile bat utzi zidan behin, tarteka brillantea eta tarteka muturrekoa iruditu zitzaidana, demagogiko samarra edo: Comment parler des livres que l'on n'a pas lus (Pierre Bayard). Haren arabera, literatur kultura lortzeko biderik eraginkorrena, hain zuzen, liburuak irakurri gabe irakurtzea dateke. Ez daukat liburua esku artean, ezin dizuet han jasotakoa zehazki azaldu, baina, grosso modo, hauxe zioen: literaturaren mundua handiegia da, zabalegia eta oparoegia. Haren ñabardurak (liburuen barruko aldea) begiratzen hasiz gero, itsaso horretan galduta geratuko ginateke. Hobe da, beraz, paisaiaren zabala ikuste aldera, azalari erreparatzea; idazleak nortzuk diren, nongoak, zein ingurumari literariotan kokatzen diren, zein garaitan, zer diote haietaz kritikariek (irakurri dutenek), non kokatzen dute, noren parekide edo aurkari,eta abar. Hari horri tiraka, zinez ideia barregarriak (?) botatzen zituen egileak, esate baterako, irakurri gabeko liburuez eztabaidatzeaz ziharduen hura. Jar dezagun lau lagun elkartu direla literaturaz eztabaidatzeko. Laurek dakite zertxobait literaturaz, super-irakurleak izan gabe. Badakite nor den Joyce, nortzuk diren Kafka eta Proust ere. Eztabaidatzen hasita, ordea, ez dira ados jarri, Cormac MacCarthyk zioen moduan, Proust zinezko literatura ote den, ez duelako bizitzaren eta heriotzaren ideiajorratzen (adibidea da). Laurek oso azaletik ezagutzen dute Proust, nahiz eta, nolabait, sakon ezagutzen dutelako sentimendua daukaten. Bere heptalogiaren (La recherche du temps perdu) lehen liburukia irakurri dute (aspaldi), beste liburukiren bat hasi dute oporraldiren batean (baina ez dute amaitu), baina (eta hau da garrantzitsuena), han eta hemen, mila bider suertatu zaie gaiari buruz eztabaidatzea, eta, eztabaida horien bidez, Prousti buruzko ideia orokor bat erdietsi dute, halako moduz non baitirudien sakonki ezagutzen dutela. Bitxia, paradoxikoa, iruzurtia da, baina oso ohikoa. Etor gaitezen geurera. Jar ditzagun lau idazle mahai batean, zertaz eta betikoaz eztabaidan: ba ote du gure literaturak irakurleak erakartzeko maila? Hasi dira hau eta beste aipatzen, Haur besoetakoa dela, Orixe dela, Aresti, Jean Etxepare medikua, Koldo Izagirre... Horiek guztiak ezagutzen dituzte (nola ez!), baina gutxi batzuk baino ez dituzte irakurri (hasi eta buka, esan nahi dut). Vladimir badakite nor den, badakite pertsonaia interesgarria dela, baina ez dute irakurri; berdin Orixe ere, izan dute esku artean, erosi dute azokaren batean, beren buruari inoiz irakurriko zutelako promes eginez, baina ez dute irakurri; ostera, biak ezagutzen dituzte, biak izan dituztelako mintzagai, eztabaidagai, eta, horietan guztietan entzundakoarekin, ideia sakon bat egitea lortu dutelako, zinez irakurri izan balute izango luketena baino sakonagoa akaso! Ze, guk irakurtzen duguna, frogatuta dagoenez, segituan dugu ahazten. Hain dira ahulak memoriaren hariak. Han eta hemen, behin eta berriz entzuten dugunak, ordea, buru-mamian forma hartzen du, gogoetaren arrastoa uzten du, hazi egiten da; hitz batean, liburu irakurria baino nabarmenkiago geratzen da gure baitan. Baina hartaz badaki zer edo zer Iban Zalduak ere, Volgako Batelariak-en atal bilakatu baitzuten jardun mota bitxi hau…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.