Literatura. Hirudia

Litxarrerietatik libra gaitzatela

lander garro
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Irakur zaletasuna bultzatzeko moduez dihardu Idurre Alonsok azken idatzian. Irakurle zaletasunarena literaturaren kontinentea betitik zeharkatu duen mamua da, kate herdoilduen zarata sortuz. Nolabait esan, gazteak litxarreria dendetatik, drogetatik eta pedofiloetatik aldentzeko nahiaren bultzada bertsua ikusten diot neuk ideia horri: egin ditzagun gazte sanoagoak, gosaldu ditzatela fruituak, soinketa egin dezatela, eta irakur ditzatela Stevensonen liburuak (euskaraturik)... eta, ahal izanez gero, lagun dezatela etxean (mahaia jartzen), eta garbitu ditzatela hortzak geu haien atzetik ibili behar izan gabe.

Ironia alde batera utzita, Idurreren kezka horiek ulertzen ditut, eta ez Idurrerenak bakarrik, komunitate akademiko osoarenak ere. Niri, ordea, duela hiru aste esan nuen bezala, gai horiek arrotzak egiten zaizkit oso. Literatura ekintza minoritarioa iruditu zait beti, eta, literaturarekin batera, beste hainbat jarduera interesgarri asko ere bai, hala nola xakea, pintura, eskultura, musika, edota astronomia. Minoritarioak izanagatik, irautea lortu dute, eta, tira, bada zer edo zer. Akaso kezka edo pena handiagoa beharko nuke izan, baina, zer nahi duzue, ez daukat! Ez dakit jarduerok jendetsuagoak nahi ote nituzkeen, egia esateko. Betikoa da: joaten zara 60 urteko izar bat ikustera, adibidez Cyndi Lauper, zeina Jazzaldira etorri den jazza egin ez arren, zeinak hedabideen babesa, eta bultzada osoa izan duen, eta hantxe ikusiko dituzu milaka lagun sartu ezinik, etsituta, hura ikusi nahi eta ezin. Ostera, jar ezazu Urko Menaiaren kontzertu bat handik hogei metrora, eta turista jakin zaleak besterik ez dituzu kausituko hari begira. Hobea ote da Cyndi Lauper bikain, historiko eta apartekoa? Nire ustez ez. Urko Menaiak arima gehiago dauka, atrebentzia zilegi bazait, baina arima ez da garrantzitsuena, arima baloratzeko subjektua masa bada. Masak ez ditu kontsiderazio horiek egiten. Etxeko sofan esertzen da, eta nora joan behar duen esan diezaioten itxaroten du, patxadaz, harik eta, (ETB2k) nora joan behar duen agindu ondoren, botak jarri eta korrika abiatuko den kutxazain batera, sarrerak sortaka erostera. Ez naiz haiek kritikatzen hasiko. Egin dezatela nahi dutena, haiena izango da gaitza, askatasuna hain merke saldu izanagatik. Idurreren galdera, seguruen, hori ekiditeko bideak non ote dauden izango da. Sor ditzagun aukeratzeko askatasuna izango duten izaki pentsalariak, gustudunak, eta abar. Bego. Nik ez dakit nola egiten den.

Idazle naizen aldetik, nire kezka izan beharko luke liburu hobeak nola idatzi. Ez dakit, ostera, nire kezka, eta nire kideena, zinez ote den hori. Zinez ote gaude literaturaren maila igotzeko zereginari lotuta? Ezezkoan nago. Urtero berrehun orriko liburutxoak plazaratzen dituen idazle gehiegi ikusten dut, kanoniko izan, prentsan agertu, kritikaren lausenguak jaso, gogoratua izan eta halako obsesio sasi-literarioei begira bizi dena, haien zamaz ezin libratu, antsiak jota, premiak itsututa. Eta horiek idazten duten txatarra ere irakurritakoa naiz. Literaturak literaturari egin diezaiokeen mesederik onena liburu onak plazaratzea da. Argudioak, pertsonaiak, elkarrizketak... gure bizitzaz, gure munduaz hitz egingo duten liburuak, irakurlearen ispilu bilakatuko direnak, afizioa egingo dutenak, liburu potenteak, ahaztezinak... Gu, izan gaitezen zintzo, ez gara horretara iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.