Donostiako Zinemaldia

Liv Ullmannek eta Richard Gerek jasoko dute Donostia Saria

Aktore eta zuzendari norvegiarra eta aktore estatubatuarra omenduko ditu aurten Donostiako Zinemaldiak. Haien zenbait film emango dituzte. Paul Auster idazleaz gain, Pernilla August, Nicoleta Bhaschi, Susu Pecorado eta Eduardo Noriega aktoreak zein Bahman Ghobadi eta Peter Webber zuzendariak epaimahaiko kideak izango dira.

2007ko irailaren 7a
15:11
Entzun
Liv Ullmann aktore eta zinema zuzendari norvegiarrak eta Richard Gere aktore estatubatuarrak jasoko dute aurten Donostiako Zinemaldiko sari nagusietako bat: Donostia Saria. Saria horren bidez aktore lanetan nabarmendu direnak omendu nahi izaten ditu urtero Donostiako Zinemaldiak. Ullmann eta Gereren aurretik nazioarteko hainbat aktorek jaso izan dute sari hori.

Liv Ullmann Tokion jaio zen 1938an, gurasoak, norvegiarrak, han lanean zirelako, baina Norvegian hazi zen. Antzerkigintzako eta zinemagintzako arlo nagusietan aritu izan den arren -zuzendari eta gidoilari kasu-, aktore gisa egindako lanagatik da, batik bat, ezagun. Besteak beste, Ingmar Bergman zinemagile suediarraren fiml ezagunenetako aktore nagusi izan da Ullmann. Donostia Saria emateko "aktore zein zuzendari gisa egindako ibilbide indartsu eta zorrotza" nabarmendu du epaimahaiak. Hura omentzeko zuzendari gisa egin dituen lau film emango dituzte Zinemaldian, eta baita Bergmanekin elkarlanean egindako Saraband ere.

Richard Gere aktore estatubatuarra, berriz, 1949an jaio zen Pennsylvanian, eta Hollywooden ekoitzitako film arrakastatsu ugaritako aktore nagusi izan delako da mundu guztian ezagun. Gereren "egokikortasuna" eta "galai klasikoen leinuari" segida eman izana azpimarratu dute antolatzaileek saria emateko. The Hoax filma emango dute.

Epaimahaia

Donostia Saria nortzuk jasoko duten argitzeaz gain, Paul Auster idazlearekin batera epaimahaiko kide nortzuk izango diren gaur jakinarazi du Zinemaldiak. Pernilla August aktore suediarrak (emakumezko aktore onena Cannesen 1992an), Nicoletta Braschi aktore eta ekoizle italiarrak, Bahman Gohbadi zuzendari kurduak ( Turtles can fly eta Haf Moon-egatik Urrezko Maskorra birritan), Susu Pecorado aktore argentinarrak, Peter Webber zuzendari britainiarrak (Girl with a Pearl Earring), eta Eduardo Noriega aktore espainiarrak erabaki beharko dute Auster epaimahaiburuaren gidaritzapean zein den aurtengo film onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.