artea

Lizarrako Done Jurgiren eskultura baten zaharberritzea "ondarearen kontrakotzat jo dute"

Done Mikel elizan dagoen XVI. mendeko eskultura betiko hondatu dutela salatu dute zaintzaile eta zaharberritzaileek. Nafarroako ondarearen altxorretako bat zen, adituen arabera.

Eskultura zaharberritzearen aurretik eta ondoren. ARTUS PATRIMONIO
2018ko ekainaren 25a
07:29
Entzun

Koldo Leoz Lizarrako alkateak ere garbi adierazi zuen Twitterren larunbatean. "Parrokiaren ekimenez eginiko 'zaharberritze' honetaz ohartarazi berri naute. Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuarekin harremanetan gaude. Itxura batean, penagarri jardun dira, eta ikusiko dugu konponbiderik ba ote duen. Gure ondarearekin arduraz jokatu behar da; hemen ez da hala jokatu".

Leozek aipatzen duen zaharberritzea Lizarrako Done Mikel elizako Done Jurgiren eskulturarena da. XVI. mendeko obra bat da. Kolorea galtzen ari zen, eta hainbat zati puskatuak zituen. Zaharberritzean, berregin egin dute eskultura, eta margotu, baina lehengo eskulturaren arrastoak desagerrarazi dituzte, eta zaharberritzeak hainbat adituren kritikak eragin ditu: Espainiako arte zaintzaile eta zaharberritzaileen elkarteak esan du "penagarria" izan dela zaharberritzea, ondarearen kontrakoa.

Lizarrako San Migel parrokiako Jurgi Donearen eskultura, zaharberritu aurretik eta ondoren.

Elkarte horrek jakinarazi du Done Jurgiren eskultura horrek balio berezia duela eta Nafarroako ondarearen altxorretako bat zela. Zaharberritzea horretarako gai ez ziren pertsonek egin dutela salatu du, "irizpiderik gabe", eta konpondu ezin den kaltea eragin dutela. Nafarroako Kultur Ondarearen legeak ezartzen dituen gutxieneko kontrol neurriak ez direla bete. "Ezagunak diren beste adibide batzuk dakarzkigu gogora", gaineratu du. 

Horrelako zaharberritzeetan ahalik eta gutxien esku hartu behar dela dio ACRE elkarte horrek, eta egiten den lana lehengoratzeko aukera utzi behar dela. Done Jurgiren eskulturaren zaharberritze horren ondoren eskultura hori ezingo dela ikertu azaldu du, eta etorkizuneko belaunaldiek ezingo dutela behar den bezala ezagutu.

Nafarroako Fiskaltzan idatzi bat aurkeztuko du zaintzaile eta zaharberritzaile elkarte horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.