Music Box Films etxeak Loreak banatuko du AEBetan, eta Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako pelikula komertzialki estreinatuko dute New Yorken eta Los Angelesen. Lehen emanaldia Paris Theatre aretoan izango da hilaren 30ean, eta bigarrenaren lekua ez dute zehaztu oraindik, baina azaroaren 30ean proiektatuko dute.
Loreak-ek Espainia ordezkatuko du Oscar sarietan ingelesez besteko pelikula onenaren atalean, eta Xabier Berzosa Moriarti Produkzioak etxeko kidearen esanetan, "Oscarretarako kanpaina" oraindik ere martxan jartzen ari diren arren, bi emanaldi horiek oso egokiak dira kanpaina bera indartzeko.
Film Factory nazioartean pelikulak saltzen dituen enpresak negoziatu du Music Box Films-ekoekin, eta Berzosak ez daki AEBetako beste hiri batzuetan ere estreinatuko ote duten. "Haien esku dago erabakia, baina ziurrenik bere bidea egingo du".
Abendu erdialdean, Hollywoodeko Akademiaren batzorde batek bederatzi pelikula aukeratuko ditu 81 herrialdetako hautagaien artean, eta bost film finalisten izenak urtarrilaren 14an iragarriko dituzte.