'ZUHAITZ ZAHARRENAREN HERIOTZA'
Idazlea: Josu Galdos.
Argitaletxea:Desclee De Brouwer.
Idazle hasiberri baten ipuin bilduma aurkeztu digu Desclee argitaletxeak. Bederatzi ipuin geure buruarekin, naturarekin eta munduarekin dugun harremanaz hausnartzeko, ofizioz lorezaina den Josu Galdosen lumak idatziak.
Lan honen mamia zehaztekotan, izenburua osatzen duten hiru hitzek ederki adierazten dute zer aurkituko dugun. Zuhaitzak: gizakia landareekin harremanetan jartzen sentituko dugu bederatzi ipuinotan, zuhaitzak, basoak, zelaiak, kalabazak, belarra, landare misteriotsuak… mota guztietako landareek laguntzen dute irakurlea ipuin hauetan zehar, ibilbide berde, freskoan. Zaharra: halaber ipuin guztiei antzinatasunaren asmoa eta gogoa darie. Etengabeko erreferentziak egiten zaizkie arbola zaharrei, baita zaharren jakituriari ere, urteen poderioz irabazten den jakituriari eta guztiaren esentziatzat egiten duen jakituria unibertsal metafisikoari: naturaren jakituria betierekoari. Heriotza: bederatzi ipuinotatik bostetan zuzenean agertzen da heriotza, dela protagonistaren heriotzarekin Artzaina eta Munduko zuhaitz zaharrenaren heriotza, dela protagonistari bidea zabalduko dion ezinbesteko laguntzailearen heriotzarekin Peru eta zuhaitza, Amonaren begiak eta Espaloian.
Estilo pertsonala erakusten dute ipuinok; batzuk umorerako joerarekin agertzen zaizkigu, bestetzuk mistikotasun jodoroskitarrarekin, denak ere lorezain kontzientziadun baten iragazkitik igaroak, naturaz blai.
Hona bi joera horien adibide bana:
Peru eta zuhaitza. Peruren ile kizkurrera ezkur bat erori, eta bertan gelditzen da. Mutikoak ilea garbitzeko ohiturarik ez zuenez, landarea ernatu zitzaion buruan, eta han eraman zuen lagun batek zer zeraman esan zion arte. Zuhaixka mendian aldatu zuenerako, mutikoaren kezka eta arazo guztiak xurgatuak omen zituen. Halako kontzientzia kargarekin, arbola gaixoa, kezketan zapuztuta, berehala hil zen; mutikoa, ordea, gizon jakintsu bat izatera heldu zen.
Jakimuro eta tximinoa. Jakimuro basotik ibili zale zen. Tximino bat agertzen hasi zitzaion, «Jakimuro, lo zaude!» esaten ziona. Tximinoaren aholkuen jarraiki —Gaueko loa eta ametsa soinuarekin amai daitezkeen bezala, eguneko loa eta ametsak isiltasunarekin amai daitezke—, Jakimuro bere barruko isiltasuna bilatzen hasten da: «Ipotx urdinek erabakiko dute» noiz arte. Urteak pasa ziren, Jakimuro gero eta gusturago zegoen bere barne isiltasuna bilatzen eta, halere, tximinoak lo zegoela esaten zion oraindik. Udako goiz bero batez, harkaitz handi baten gainean eserita zegoela, bi ipotx urdin ikusi zituen. Ipotxak belarri banatik sartu zitzaizkion, eta, bere garunaren (sic) barruan zeudela, elkar musukatzen eta ferekatzen hasi ziren. Plazer ugari eman zion horrek mutilari, eta bi izaki urdinak atseden hartzeko-edo gelditu zirenean, tximeleta urdinak ateratzen hasi ziren haien artetik, Jakimuroren burua beteta, belarrietatik ateratzeraino.
Ibilbide emankor eta oparoa izango ahal du idazle hasiberriak; grazia ez zaio falta, eta ofizioa aritzeak ekarriko dio.
Haur eta gazte literatura
Lorezainaren baratza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu