Konpromisorik gabeko harremanak, maitasunik gabeko sexua, bikote trukaketa, swingers, Internet bidezko sexu birtuala... horiek guztiak gaur egungo egoerak dira, 1960ko hamarkadako maitasun librearen aldarriaren bertsio gaurkotua. Horiei begira jarri da Ivan Reitman, oinarri-oinarrizko galdera bati erantzun nahian: benetan posible ote da inolako loturarik gabeko sexu harremanik izatea?
1980ko hamarkadaren amaieran, Rob Reinerrek garai horietako ikono bihurtu den komedia erromantiko bikaina egin zuen, When Harry Met Sally. Sexurik gabeko adiskidetasun-maitasun egoera batean jarri zituen bi protagonista nagusiak, Meg Ryanek eta Billy Crystalek jokatzen zituztenak. Urteak joan urteak etorri, Harry eta Sallyren arteko harremanak bizirik iraun du, elkarri dioten benetako amodioa onartu nahi izan gabe. Esan bezala, sexua bigarren mailan geratzen zen komedia horretan.
Orain, kontrako muturretik ekin nahi izan dio Reitmanek:sexua bai, baina bestelakorik ez. Ongi pasatzeko elkartu bai, baina bestelako loturarik ekartzen ahal duen buruhausterik ez. Jolas lizunak bai, baina ohiko bikote bideak urratzeari ez. Horixe da, hain zuzen, Emmak eta Adamek aukeratu duten formula. Aspaldiko lagunak dira, 14 urte zituztenean Adam Emmarekin harreman bat hasten saiatu zen, baina hark ezezkoa eman zion. Urteak pasa dira, eta halako batean patuak berriro elkartu ditu aspaldiko lagun horiek. Ohean amaituko dute, eta primeran pasako.
Biek ala biek argi dute ez dutela harago joan nahi. Laguntasunari eutsi, sexu gozamena hartu, baina harreman baten armiarma sarean erori gabe. Emmak alergia die harreman iraunkorrei, eta Adamek ere ez ditu batere gogoko, besteak beste aita bere neskalagun ohiarekin ateratzen ari delako.
Baina halako egoerarik nekez mantentzen ahal da luzez. Hitzez bai, baina sexu harremanak errepikatzearekin batera sentimenduak loratzen hasiko dira. Pasio hutsa zena beste zerbait bihurtzen hasiko da. Adam sumatzen hasiko da bere ahulezia; Emmarekin sexua baino zerbait gehiago nahi duela konturatuko da. Egoera konplikatzen hasiko da, eta nahitaez galdera sortuko da: posible ote da sexu harreman iraunkorra izatea bestelako kontuekin nahastu gabe?
Zuzendari beteranoa
Oscar saria irabazi berritan, Natalie Portmanen parte hartzea da filmak duen amurik nagusietakoa. Black Swan filmatu aurretik egin zuen hau. Ez da oso ohikoa aktorea komedia giroan ikustea, baina gidoia irakurri zuenean berehalako interesa agertu omen zuen Portmanek. Haren ondoan izanen zen gizonezko aktorea hautatzea ez zen batere kontu erraza izan, eta, azkenean, Ashton Kutcher aukeratu zuten, komedietan oso iaioa dena. Bien lana da No Strings Attached-eko oinarri nagusia.
Zuzendari lanetan ibilbide oso gorabeheratsua izan du Reitman beteranoak. Hark ere 1980ko hamarkadako ikonorik handienetakoa egin zuen: 1984ko Ghostbusters. Bill Murray bere orduko aktore kutunarekin egin zuen film arrakastatsu hura, baita segidan etorri zen horren jarraipena ere. Zuzendaria eta aktorea hirugarren partea ari dira prestatzen, eta okerrik ez bada, hurrengo urtean estreinatuko dute.
Gainerakoan, ez du film aipagarririk egin Reitmanek. Azken urteotan ekoizle lanetan aritu izan da, eta zeregin horretan uzta hobea izan du. Jason semearen filmak ekoitzi izan ditu, eta horien artean bereziki aipatzekoa da Up in The Air, orain dela bi urte estreinatu zena.
'NO STRINGS ATTACHED'
Zuzendaria: Ivan Reitman.
Aktoreak: Natalie Portman, Ashton Kutcher, Cary Elwes, Lake Bell, Olivia Thirlby.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 108 minutu.
Estreinaldia: Ostiraleanestreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Loturarik gabeko sexua
Egungo giza harremanei begirada bat eman nahi izan die Ivan Reitmanek 'No Strings Attached' filmeanNatalie Portman komedia batean ikustea da filmak duen amurik nagusietakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu