Lou Reed musikari estatubatuarra ez da azkenean 43. Donostiako Jazzaldian ariko. Jazzaldiko arduradunek azaldu dutenez, Europako biraren azken zatiko kontzertu guztiak bertan behera utzi ditu; haien artean, Donostiakoa. Hala ere, ez dakite bira uztearen arrazoiak zeintzuk izan diren, ez dutelako argibiderik jaso.
Uztailaren 22tik 27ra izango da Donostiako Jazzaldia eta, Reed ofizialki programazioan azaltzen ez bazen ere, “%99an” bertan izango zela adierazi zuten ekitaldiaren aurkezpenean.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “sentitzen dute” hura Donostian ez aritzea, jendearengan sortu zuen "ikusminaz" gain, kontzertu hori "bi urtez negoziatzen" aritu direlako. Horrez gain, kontratua sinatuta zeukatela eta abeslariaren katxearen %50 jadanik ordainduta zeukatela adierazi dute.
Bobby McFerrin, ordea, Jazzaldian izango da, eta Donostiako Orfeioiarekin batera joko du. Jazzeko abeslariak uztailaren 24an eskainiko du kontzertua, 22:30ean, Zurriolako hondartzako agertoki berdean.
Kultura
Lou Reedek ez du Donostiako Jazzaldian joko azkenean
Musikari estatubatuarrak Europako azken emanaldiak bertan behera utzi ditu, baina Donostiako antolatzaileek ez dute berri gehiagorik. Haren ordez, Bobby McFerrin izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu