Ezohiko Donostiako Zinemaldia izango da aurtengoa. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, ziurgabetasun handiarekin prestatu behar izan dute jaialdia antolatzaileek, eta, gaur-gaurkoz, festibala hasteko bi aste falta direla, oraindik ez dakite zein zinemagile eta aktore etorri ahalko diren Donostiara; ezta hainbat epaimahairen behin betiko osaketa ere. Nolanahi ere, festibala «aurreko urteetan bezain erosoa» ez izanda ere, aurtengo jaialdiko programazioaz «harro» azaldu da Jose Luis Rebordinos zuzendaria gaur goizean egindako aurkezpenean. Murrizketak murrizketa, Donostiako 68. Zinemaldia ohiko datetan egingo da: irailaren 18an hasiko da, ostiralez, eta 26an amaituko da, larunbatarekin.
Gaurko aurkezpena Zinemaldiko sail ezberdinetako epaimahaiak iragartzeko baliatu dute Rebordinosek, Maialen Beloki jaialdiaren zuzendariordeak eta Ruth Perez de Anuzita komunikazio arduradunak. Hala ere, horiek ere erabat osatu gabe daude oraindik. Luca Guadagnino zuzendari italiarra izango da epaimahai ofizialeko burua, eta, harekin batera, Marisa Fernandez Armenteros ekoizleari, Michel Franco zuzendariari, Lena Mossum jantziteria diseinatzaileari eta oraindik zehaztu gabeko beste kide bati egokituko zaie Sail Ofizialeko sariak erabakitzea.
Gainerako epaimahaiei dagokienez, euskal zinemaren Irizar sariarena Maider Oleaga zinemagileak, Diego Soto kazetari eta gidoigileak eta Irati Crespo Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasleak osatuko dute; Kutxabank-Zuzendari Berriak saileko epaimahaiko kideak Belen Funes zinemagilea, Aiste Dirziute aktorea eta Ariel Schweitzer historialari eta zinema kritikoa izango dira, eta Horizontes sariaren epaimahaia osatuko dute Jayro Bustamante zinemagileak. Celia Rico idazle, ekoizle eta zuzendariak eta Valerie Delpierre ekoizleak. Zabaltegi-Taabakalera saileko epaimahaikideak, berriz, Vetusta Morla musika taldeko kide Pucho, Carlos Rodriguez Rios Bartzelonako D’A Film Festival jaialdiko zuzendaria eta iragarri gabeko hirugarren kide bat izango dira.
Egoerara egokituta
Pelikulak zinema aretoetan ikustearen aldeko «apustu irmoarekin» helduko dio aurtengo edizioari Donostiako Zinemaldiak, Rebordinosek adierazi duenez. Hark jakinarazi duenez, egunotan bilera bat egin dute Venezian Europako zortzi zinema jaialdi nagusiek, eta, bilkura horretan, festibal guztietako arduradunek adierazi dute euren helburua beti izango dela filmak zinema aretoetan ematea.
Helburu hori buruan, segurtasunean jarri du arreta zinemaldiaren zuzendariak, eta iragarri du edukieran izango dutela eragina hartutako erabakiek. Hala, Kursaaleko auditoriumean gehienez 600 lagun sartu ahalko dira (%40), eta gainerako aretoetako edukiera %60ra murriztuko dute publiko orokorrarentzako emanaldietan, eta %50era akreditatuentzako saioetan. Horri lotuta, areto bakoitzean egunero izango diren emanaldiak ere murriztu egin dituzte, saio eta saio artean aretoen desinfektatze lanak egin ahal izateko. Edukiera murrizketa horiek zinemaldiko jarduera guztietan ezarriko dituzte: prentsaurrekoak, argazki saioak, aurkezpenak...
Aurretiazko sarrerak aurten Internet bidez baino ezingo dira eskuratu —Zinemaldia Plaza zerbitzua kendu dute—, eta hilaren 13an, igandez, jarriko dituzte salgai. Hain zuzen ere, lehen egun horretan jaialdiaren aurreneko hiru egunetarako sarrerak besterik ezingo dira eskuratu (irailaren 18, 19 eta 20rako). Eta 14an, astelehenean, ondorengo 21erako, 22rako eta 23rako sarrerak jarriko dituzte salgai; 15ean, azkenik, 24ko, 25eko eta 26ko saioetarako sarrerak eskuratu ahalko dira. Hilaren 16tik aurrera, saio guztietarako sarrerak erosi ahal izango dira. Sarrera guztiak zenbakidunak izango dira, eta sistema informatikoak berak esleituko ditu. Gainera, elkarrekin bizi direnek elkarren alboan esertzeko bi sarrera erosi ahalko dituzte gehienez. Zinema aretoetako leihatilak ere irekiko dituzte jaialdia hasten den egunean, 18an.
Emanaldien kopurua ere ohi baino txikiagoa izango da. 2019an baino 159 emanaldi gutxiago izango ditu Zinemaldiak —%23 guxtiago—, eta filmak ere iaz baino 65 gutxiago izango dira —%31 gutxiago—. Antolatzaileek adierazi dutenez, sarbide ordenatuagoak ahalbidetzea eta aretoak husteko denbora gehiago izatea ekarriko du horrek. Era berean, zinema aretoak desinfektatu egingo dituzte saio batetik bestera. Kursaaleko auditoriumean, Kursaal 2n, Viktoria Eugenia antzokian eta Antzoki Zaharrean —edukierarik handieneko aretoak— emanaldien arteko tarteak 90 minutu iraungo du, eta gainerako guneetan, aldiz, ordubetekoak izango dira tarteak.
Maskara nahitaez erabili beharko da une oro. Emanaldia lau ordutik gorakoa bada, derrigorrezkoa izango da maskara profesional homologatu bat eramatea (KN95 edo FFP2).
Aurten ez da saiorik izango Belodromoan eta San Telmo museoan, eta ekitaldi sozialak eta festak —inaugurazio eta itxierako jaiak, euskal zinemaren jaia— bertan behera utziko dira.
Segurtasun neurriek zinemaldiak kalean duen presentzian ere izango dute eraginik. Hala, alfonbra gorria jarriko dute Kursaalaren sarreran, baina publiko orokorra ezingo da gerturatu, eta komunikabideetako argazkilariak baino ezingo dira bertan egon. Aktore eta zuzendariak Donostiara iristen direnean ere, ez da izango aukerarik haiengana argazkiak egitera hurbiltzeko eta sinadurak eskatzeko.
Nolanahi ere, zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi dute sareko eskaintza indartu egingo dutela, eta jaialdiaren webgunean ikusiko ahalko direla artisten iritsierak, eta baita Sail Ofizialeko prentsaurrekoak ere. Gainera, aurten publikoaren eta artisten arteko online topaketak antolatzeko asmoa ere badutela adierazi dute.
Izenik gabe
Donostiako Zinemaldia hasi aurreko aurkezpenean iragarri ohi dituzte antolatzaileek festibalean izango diren zuzendari eta aktoreen izenak, baina gaurkoan ez dute izenik eman nahi izan. «Egoera oso aldakorra da, eta ez dugu izenik eman nahi, arrazoi batengatik edo besterengatik gero baliteke-eta norbait ez etortzea», adierazi du Rebordinosek. Zinemaldia Woody Allenen Rifkin's Festival-ekin hasiko da, eta antolatzaileen asmoa bazen ere zuzendari estatubatuarra Donostiara etortzea, azkenean ez da hala izango. «Etorri nahi zuen, baina azken asteetako gorabeheren ondorioz, erabaki du ez etortzea. Kontuan izan behar dugu 82 urte dituela».
Sail Ofiziala, film baten zain
Azkeneko hilabeteetan Sail Ofiziala osatuko duten filmak iragarrizn joan da Donostiako Zinemaldia, baina, Rebordinosek jakinarazi duenez, oraindik lehian izango den azken pelikula bat falta da, eta datozen egunetan emango dute haren berri.
Perlak saila, berriz, bi ekoizpenekin osatu dute: The World to Come (Mona Fastvold) eta Nomadland (Chloe Zhao). Bi filmak Veneziako Ziinemaldian aurkeztuko dituzte egunotan.