Musika

Luciano Pavarotti tenor ospetsua hil da

Pankreako minbiziarekin gaixo zegoen duela zenbait hilabetetik. Bere etxean hil da bart, Modena (Italia) jaioterrian. Aparteko tenorra izateaz gain, opera ohiko elite giroetatik ateratzea eta eremu zabalagoetara ateratzea bultzatu zuen.

2007ko irailaren 6a
12:00
Entzun
Luciano Pavarotti (Modena, 1935eko urriaren 12a) bart goizaldean hil da, duela zenbait hilabetetetik pankreako minbiziarekin gaixorik egon ondoren. Haren hurbilekoek agertu dutenez, etxean hil da, Modena jaioterrian, emaztea eta seme-alabak ondoan zituela. Jada atzo arratsaldean zabaldu zen oso larri zegoela, konortea galdu zuela eta giltzurrunek ez ziotela lanik egiten. Iazko udan pankreako minbizia osatzeko ebakuntza egin ziotenetik jendaurreko agerraldirik ez zuen egin. Abuztuaren 8an Modenako Erietxe Poliklinikoan ingresatu zuten biriketako infekzio baten ondorioz, baina 25ean etxera bidali zuten onkologoek ezarritako terapia jarraitzera.

Atzo bertan, guztiz gaizkitu aurretik, agiri bat zabaldu zuen Pavarottik eman berri zioten Italiako Kulturaren Bikaintasun Saria eskertzeko. Sariak "pozez eta harrotasunez" bete zuela agertu zuen agiri horretan: "Sariak nire ibilaldi osoa hartzen du aintzat, eta ibilbide horri esker Italiako kultura munduan zehar zabaltzeko pribilegioa izan dut", adierazi zuen.

Hain zuzen ere, azken urteetako kantari liriko ezagunenetakoa da Pavarotti. Ahots timbre apartekoa, esaldiak inork baino hobeto josten zituela nabarmendu dute adituek. Opera ohiko giro murritzetatik atera eta gizarteko eremu zabalagoetara hurbiltzen ahalegindu zen, besteak beste, pop eta rock arloko musikari eta kantariekin emanaldiak eginez. Horregatik kritikak ere jaso izan zituen.

Larunbatean izango da haren aldeko hileta elizkizuna, Modenako katedralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.