Zortzigarren lana den arren, “toki ezezagunen” bila jarraitzen du Gatibuk. Hala azpimarratu du Haimar Arejita gitarra jotzaileak behin eta berriz. “Aurretik aurkitu ez ditugun tokiak bilatzea da, beti, gure asmoa. Badakigu nondik gatozen, baina gustuko dugu leku ezezagunetara joatea”. Musikalki ez eze, fisikoki ere ezagutzen ez zuten tokira jo dute horretarako: Texasera (AEB) joan dira diskoa grabatzera. “Aurretik erabilitako lan egiteko moduarekin hautsi nahi genuen. Betiko tokietan eta betiko jendearekin lan egiteak, antzeko emaitzak jasotzea dakar maiz, eta jauzi bat behar genuen bestelakoa den zerbait sortzeko”. Ozeanoaren beste aldean aurkitu dute Azken Indioak lana osatzen duten zazpi abestiak ontzeko argialdia; Texasko Sonichranch estudio famatuan, zehazki. “Musikarien Disneyland-a da”. Santi Garcia ekoizle katalanaren laguntza ere izan dute, eta haren laguntza erabakigarria izan dela azaldu du Arejitak. Gaur egin dute lan berriaren aurkezpena, Bilboko Bira kultur gunean.
Alex Sarduiren hitzetan, gai “freskoak eta egunerokoak” landu dituzte disko berriian. “Letrak egitea abentura bat da. Azken unean ibili gara diskoa grabatzen eta letrekin ere hala gertatu zaigu, azken momentuan ibili gara hitzei bueltak ematen”. Diskoaren izenean geldialdia egin du taldeko abeslariak. AEBetako indioen egoerarekin alderatu du egoera. “Tipifikatu gabe, baina Europako azken indioak gara gu ere. Azkenak gara eta lehenak ere bai, aurrera begira dagoen herria garelako. Hori da aldarrikatu nahi duguna: herri honetako biztanleak edonora iristeko gaitasuna dugula”. Bat egin du Arejitak, aldamenetik. “Hausnarketa egin nahi dugu, baina ez atzera begira. Europako indio zaharrenak gara, baina ez gara produktu exotikoa, atzerritarren kontsumorako. Ez dugu museoetan gordetzen den zerbait izan nahi, ezta Basque Culinary Center-eko plater baten izena ere. Katebegia izan nahi dugu, etorkizunean ere, kulturaren transmisioak aurrera egin dezan”.