Bihar da hastekoa Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko gose greba mugagabea. Hainbat herritarrek egingo dute bat deialdiarekin, auzia zientziaren bidetik argitu dadin eskatzeko. Ekinaldi horren bidez,salatu nahi dute epaiketan erabilitako azterketek ez dutela «inolako berme zientifikorik», eta indusketa kontrolatuak egiteko eta grafitoak datatzeko eskatzen dute. Indusketen ardura zuen enpresak, baina, Lurmenek ,«erabat desegokitzat» jo du greba, eta guztiz gaitzetsi du.
Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk ohar bidez adierazi dute bat datozela auzia zientziaren bidetik argitu beharrarekin, baina erantsi dute horrek ez duela «inola ere» justifikatzen inork osasuna eta bizia arriskuan jartzea. Gainera, gogorarazi dute auzia ez dagoela oraindik erabat itxita, eta grebak ondorioak izan ditzakeela bide horretan: «Grafitoen auzia oraindik auzibidean dago, Probintzia Auzitegian errekurtsoa ebazteko zain, eta, gure ustez, ekimen hori nahi gabeko esku sartze gisa interpreta liteke, eta guk ere uko egiten diogu».
Ekain hasieran heldu zen sententzia: Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla ondorioztatu zuen epaileak, eta bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zion Eliseo Gil arkeologoari, iruzur egin eta ondarea hondatzeagatik.