Bederatzi ipuin. Ondo desberdinak euren artean. Baina badute batasun bat, guztiak lotzen dituen hari ezkutuko bat. Desagartzeko nahia, ihesa, deserzioa... agertzen da Lutxo Egiak argitaratu berri duen Txakur ingelesak (Susa) liburuko ipuin guztietan. Egiaren hitzetan, Internetek agintzen duen posmodernitatearen garaiotan ikusgarritasuna bihurtu da arau, jendea geroz eta ikusgarriagoa da, geroz eta errazago erakusten ditu nork bere gauzak publikoki. Ikusezin izatea bera kontrakorrontean joatea da. Kontrakorrontean doazen pertsonaiak dira, hortaz, liburuko protagonistak, “ertzeko pertsonaiak, ez bazterturik daudenak, baizik eta bazterretik joatea nahiago dutenak”.
Liburu “jostalari” moduan definitu du Harkaitz Cano idazleak, Donostian egindako aurkezpenean. “Jolasak eta tranpak planteatzen ditu, eta gozamena da tranpa horietan sartzea”. Gainera, erreferentzia literario ugari duen liburua da; Enrique Vila-Matas idazlearenak edota Manuel Delgado antropologoarenak, esaterako.
Liburuari izena ematen dion lehen ipuinak idazkera klasikoaren parametroak betetzen ditu erabat, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorearen hitzetan. Gainerakoak “ezohikoagoak” dira, “originaltasun extraino moduko” bat dutenak.
Aurrenekoz jorratu du ipuingintza Lutxo Egiak (Santander, Espainia, 1969). Kalezuloko animalien itzalak (1999, Pamiela) poema liburua, eta Susarekin plazaraturiko Paperezko hegazkinak (2002), Ezker hanka falta zuen (2005) eta Zubigilea (2007) nobelak zituen argitaratuak aurrez.