Musikalki hitz eginda, Donostiako Orfeoiko abeslariok urteko unerik magikoenak bizitzeko aukera izan dugu Tolosara (Okzitania) eta Parisera egindako bidaian. Aurreko astean, Frantzian bira bat egin dugu, eta abesbatzaren izarretako baten, hau da, Gustav Mahlerren II. sinfonia, Pizkundea, hiru bider interpretatu genuen, bitan Tolosako Halle Aux Grains auditoriumean eta beste behin Parisko Salle Pleyel auditoriumean. Hiru kontzertuetan harrera ezin beroagoa egin digute entzuleek, eta hogei minututik gorako txalo zaparradak jaso ditugu. Tolosako orkestra sinfonikoarekin batera interpretatu dugu Mahlerren obra, Tugan Sokhiev zuzendariak (Vladikavkaz, Ipar Osetia, 1977) gidatuta. Abesbatzak esperientzia handia dauka Pizkundea interpretatzen, baina erabateko estreinaldia izan da orkestra eta zuzendariarentzat. Hala ere, hiru kontzertuetan Mahlerren piezak eskatutako indarra eta handitasuna zorrotz eta pasio handiz islatzea lortu genuen, emanaldiak erabat borobilduz. Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako Orfeoiko zuzendariaren esanetan, «une magikoak sortzea» lortu genuen.
Aurreko asteko ostegunean egin genuen Tolosarako bidaia. Iritsi bezain laster, lehen entsegua egin genuen orkestrarekin Halle Aux Grains auditorium hexagonalean. Bidaiaren nekeak astindu, beroa ahaztu, eta lanari ekin genion. Abesbatzak sinfoniaren azken zatiko bukaerako hamabost minutuetan baino ez du parte hartzen, baina azken minutu horiek dira obraren unerik hunkigarrienak, eta horrek emaitza bikainak eskaintzera behartzen gaitu abeslariok. Sokhiev gustura gelditu zen, eta «bravissimo, merveilleux» hitzekin agurtu gintuen.
Ostiral arratsaldean iritsi zen estreinaldia. Auditorium hexagonala erabat betea zegoen, eta 2.500 entzulek inguraturik geunden. Sokhievek batuta jaso bezain laster, erabateko isiltasuna egin zen, kontzertuari hasiera emanez. Hiru ordu laurdenez, orkestrak Mahlerren obra menderatzen zuela erakutsi zuen, orfeoiko abeslariok geldi-geldi entzuten genuen bitartean. Azkenik, zehar flautaren doinu alaiek gure txanda iritsia zela iragarri zuten. «Auferstehen ja auferstehen...». Orfeoiaren ikur pianisimoa lortzeari ekin genion aho batez. Anastasia Kalagina sopranoaren eta Janina Baechle mezzo-sopranoaren bakarlari doinuen ondoren, abesbatza altxatu, eta amaiera ikaragarria iritsi zen. Amaitutakoan, txalo zaparradak eztanda egin zuen. Zuzendaria bost aldiz irten zen entzuleei agur egitera, bakarlariekin eta orfeoiko zuzendariarekin. Irteeran, abeslari askok emaitzaren bikaintasuna aipatu zuten. Elena Barbe eta Miren Larrañaga sopranoen esanetan, Sokhieven lana «bikaina» izan zen: «Gaztea izan arren, mundu mailan zuzendari onenetakoa izatera iritsiko da, lan aparta egin du orkestrarekin. Kontzertu ederra eskaini dugu». Maialen Mendizabalentzat obra interpretatzen zuen lehen aldia izan zen: «Pribilegioa da 16 urterekin maila honetako kontzertu batean parte hartzea».
Larunbateko kontzertuko arrakasta are handiagoa izan zen. Hasierako urduritasunak desagertuta zeudenez, bai orkestrak eta bai abeslariok ere gusturago eskaini genuen emanaldia.Sokhiev pozik gelditu zen lortutako emaitzarekin. Pariserako bidaian, irribarrea ezin kendurik zebilen: «Tolosako bi kontzertuek erabat inspiratu naute. Zoragarriak izan dira; oso pozik nago lortutako emaitzarekin». Zuzendariaren iritziz, obraren indarra helaraztea lortu genuen: «Obrak zailtasun asko ditu, pieza pisutsua delako. Horri gehitu behar zaio obra hiru egunetan jarraian interpretatu dugula, eta emanaldi guztietan emaitza ona eskaintzeak lan asko eskatzen du. Esan beharra daukat orkestrak eta orfeoiak lan bikaina egin dutela».
Parisko kontzertua gogorrena eta ederrena izan zen aldi berean. Abeslariok leher eginda geunden, baina abesteko gogoa inoiz baino biziago genuen. Salle Pleyel auditoriumean Mahlerren obra nola zabaltzen zen entzuteko irrikan geunden. 3.000 entzulerentzako tokia du auditoriumak, eta horrenbeste txalo entzutean, abeslari batek baino gehiagok, hunkitu, eta negar artean jaso zituen «bravo!» oihuak. Graciana Rekalde, Diana Munduate eta Irati Fernandez orfeoiko abeslarien arabera, hiruretatik onena izan zen Parisko emanaldia: «Hunkigarria izan da. Indar guztiak agortu ditugu, baina merezi izan du». «Sinfonia hau oso pieza ederra da, batez ere abesbatzarentzat», esan zuen Sokhievek. «Orfeoiak zintzotasunez abesten du, eta zuzenean entzuleen bihotzetara iristeko ahalmena dauka».
Harremana izango da gero ere
Orfeoiak urte asko darama Tolosako orkestrarekin elkarlanean. Sokhievek 2008an hartu zuen zuzendaritza, eta, ordutik, ahal bezainbeste elkartu da abesbatzarekin. Sokhieven laguntzarekin,Tolosako orkestra Europako garrantzitsuenetakoa bilakatu da, eta zuzendaria bera egun gehien laudatutakoen artean dago. «Zuzendari lana zaila da, baina ederra aldi berean. Beste guztien lanari adi egon beharra dago, baina musikari apartak ezagutzeko aukera eman dit». Sokhievek Berlingo orkestra sinfonikoa zuzenduko du irailetik aurrera, Tolosako lanarekin tartekatuz. «Espero dut etorkizun berri horretan orfeoiarekin parte hartu ahal izatea». Datorren urteko otsailean, orfeoia berriz ere Salle Pleyelen izango da Sokhievekin eta Tolosako orkestrarekin, Hector Berliozen Faustoren kondenazioa interpretatzeko.
Mahlerren magia Frantzian
Donostiako Orfeoiari harrera beroa egin diote Tolosan (Okzitania) eta Parisen egindako kontzertuetan. BERRIAk orfeoiko abeslari baten ikuspegitik egin du bira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu