Donostiako Zinemaldiko zuzendariorde Maialen Beloki Zurriolako butaka saioan izan da gaur, jaialdiaren azkeneko egunean. Pozik azaldu da nazioarteko jaialdiak eman duenarekin. "Zinema aretoak jendez beteta egon dira. Sail Ofizialeko filmek harrera ona izan dute". Nabarmendu du datozen egunetan egingo dutela balorazioa. "Industria jarduerak garrantzitsuak izan dira", gaineratu du. Azaldu duenez, Zinemaldiak Donostia Sariak banatzeko politika aldatu du: "Ez diogu glamourrari uko egingo, baina zinema arloan lan egiten duten pertsona ezberdinak sarituko ditugu datozen urteetan. Zinemira saria, bestalde, muntatzaile bati eman diogu aurten, Julia Juanizi". Gaineratu du hizkuntz ez hegemonikoetako zinemari bultzada ematen saiatuko direla.
Saio berean, Telmo Esnal zinemagilea elkarrizketatu dute. Esnalek Glocal in Progress egitasmoko saria eraman du, Dantza filmari esker. "Honek laguntza emango ditu filmaren amaierako prozesuan. Espero dugu otsailerako amaituta egotea. Gero jaialditara aurkeztuko dugu, tartean Donostiako Zinemaldira ere bai".
Programaren amaieran, Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariaren eta ZokorriZta Hamaikako pertsonaiaren solasaldia izan da. ZokorriZtak iragarri du igandean amaituko dela bere programaren lehen denboraldia.