Durangoko Azoka

Maiatz elkarteari emango diote gaur Argizaiola saria

Ipar Euskal Herriko elkarte batek lehen aldiz jasoko du saria. 20:30ean izango da ekitaldia, San Agustin kulturgunean. Aurten jende kopuruaren aldetik beherakadarik izan ote den ez dago susmorik.

2007ko abenduaren 8a
18:40
Entzun
Ipar Euskal Herriko elkarte bati emango diote gaur lehen aldiz Argizaiola saria Durangoko (Bizkaia) Euskal Liburu eta Disko Azokan. Maiatzi, hain zuzen. Durangoko Gerediaga elkarteak urtero eman ohi duen sariarekin "Maiatzek euskararen alde musu truk egindako lan garrantzitsua»"nabarmendu nahi du, Jon Irazabal azokako zuzendariak azaldu duenez: "Iparraldean laguntza gutxiago dute, gainera, eta meritu handia da hainbeste urtetan argitaletxe txikia mantentzea". Aurten 25 urte bete dira Maiatz aldizkariaren lehen alea argitaratu zutenetik.

20:30ean izango da ekitaldia, San Agustin kulturgunean.

Durango ezin da geldiarazi

Herenegun eguraldi ona eta jaieguna; atzo laneguna batzuentzat, zubi eguna besteentzat, eta eguraldi umel eta lardatsa. Berdin dio, ordea. Behin martxan jarriz gero, Durango ezin da geldiarazi. Atzo ere, herenegun bezala, goiz eta arrats jendez beterik egon ziren Landako gunearen barruko kaleak, idazle eta musikari asko izan zen erakusmahaietan liburuak eta diskoak sinatzen, eta azokaren gune nagusitik kanpora ere zabaldu zen azokak sortzen duen festa giro beroa.

Iazko ekitaldian jende kopuruaren aldetik beherakada txiki bat egon ote zen aipatu zen, baina aurten ez da halako susmorik. Duela urte batzuetako ekitaldietan izan ziren betekada etenik gabeetara iritsi gabe ere, neurri egokian ari da erantzuten aurten jendea.

Aurreko egunetan azokan izandako idazleetako batzuk atzo ere bertan ziren berriro, eta falta zirenen lekuak nork beterik ez zen falta izan: Karmele Jaio, Aingeru Epaltza, Harkaitz Cano, Pako Aristi, Jon Arretxe, Fernando Morillo, Jon Benito, Juanra Madariaga, Markos Zapiain, Antton Kazabon eta Antton Irusta aritu ziren, besteak beste, liburuak sinatzen. Argi dago Durangoko Azokan liburuaren salmentari bultzada handia ematen diola idazlearen presentziak, batez ere idazle hori ezaguna denean.

Joseba Sarrionandiaren omenaldia

Atzoko eguna Joseba Sarrionandiari omenaldia egiteko baliatu zuen Bost.kultura literatur agentziak. Bi atal izan zituen omenaldi horrek. Lehenik, eguerdiartean, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua nobelaren alemanezko itzulpenaren aleak eman zizkieten idazlearen guraso, senide eta ilobei, eta gero, eguerdian, Joseba Sarrionandiaren eta Franz Kafkaren testuetan oinarritutako errezitaldi-kantaldia izan zen, Plateruenean. Edorta Jimenezek, Naroa Zubillagak, Petra Elserrek eta Raul Zelikek egin zituzten irakurketak, eta Ruper Ordorikak Martin Larralde eta Ibaizabal kantuak eman zituen zuzenean. Ordorikaren parte-hartzea ezusteko atsegina izen zen han bildutako gehienentzat, ez baitzegoen aurretik iragarrita.

Arratsean, beste omenaldi bat izan zen, Elkartegian. Jesus Atxa, Salvador Solaegi eta Eva Forest omendu zituzten, hirurak aurten hilak, eta hirurak euskal kulturarekin eta Durangoko Azokarekin harreman estua izandakoak. Bertsoak, argazkiak eta bideo emanaldiak izan ziren hiruren omenetan.

Salmentei dagokienez, editoreak eta diskoetxeetako arduradunak pozik daude orain arteko emaitzekin. Azokako liburu eta diskorik salduenaren inguruan esamesak eta komentarioak izaten dira beti, baina datu zehatzik ez. Duela urte batzuk Gerediaga elkarteak, editoreekin eta diskoetxeetako arduradunekin kontsultatu ondotik, liburu eta disko salduenen zerrenda bat osatu eta zabaltzen zuen, baina aspaldi utzia du ohitura hori. Arrazoietako bat da ez dela datu zehatzik izaten; argitaletxe edo diskoetxe bakoitzak bere produktu estimatu eta salduenen berri ematen du, baina ez dago batzuen eta besteen salduenen arteko konparazioa egiteko daturik. Gainera, argitaratzaile batzuk ez dira gisa horretako zerrenden zaleak, okerreko ikuspegiak zabal ditzaketela uste dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.