Maiatz argitaletxeak, urtero legez, Sarako Idazleen Biltzarraren azokaren karietara —aurten apirilaren 9an egingo da—, izaera biziki ugariko bost liburu plazaratu berri ditu: Piarres Trounday Xaramendi-ren Galerna, Peio Jorajuriaren Inifife, Eric Ditxarriren Hormatik hormaraino, Itxaro Bordaren Medearen iratzartzea eta beste poemak eta Urtzi Urkizuren Kezka bat gutxiago.
Idazteko era zein idazteko arrazoiak idazle batetik bestera aldakorrak dira. Hala, Urtzi Urkizu BERRIAko erredaktorearen Kezka bat gutxiago olerki bilduman, autoreak egunerokotasunaren kontakizunaren isla dena azaleratzeko dauka olerkia. Itxaropenez jantzi olerki bilduma bat osatu du. Donostian aurkeztu zuen bere lana Urkizuk, joan den astean. Beste lau liburuak atzo aurkeztu zituzten jendaurrean.
1. Itxaro Borda
Oragarren (Nafarroa Beherea) jaiotako eskarmentu handiko idazleak, Medearen iratzartzea eta beste poemak deitu olerki bilduman, 1982 eta 2011 artean idatzi poemak bildu ditu. Lana euskaraz eta frantsesez idatzia du; olerki bera bi hizkuntzetan irakurtzen ahal da. Idazleak hizkuntzari begira duen kultura handiaz gozatzeko parada ematen du obrak, baita egin bide luzetik sorturiko ezagutzaz irakurlea elikatzekoa ere. Landutako gaiak ezin dira laburbildu. Baina, batzuk aipatzearren, euskal mitologiako Medea pertsonaia eta egungo mundu urduriaren gaia lantzen dira.
2. Piarres Trounday
Xaramendi baserriko ortzaiztar idazleak bere bizi-esperientziaren berri ematen dio irakurleari Galerna-n, argitaratu berri duen liburuan. Bizi-esperientzia luze eta handiko gizona da Trounday. Soldaduskara joana, ondotik Quebecen urte ugari iragan zituen eraikuntza sektoreko lan gogorrak egiten. Geroago, Kolonbia-Britaniara jo zuen, baitaSantoige eta Girondako eremuetara ere.«Nire asmoa ibili leku orotako gertakariak hitzetan ematea izan da», erran du Troundayk.
Azaldu du Euskal Herritik at iragan dituen urte guzietan Euskal Herrira itzultzeko nahia behin ere ez zitzaiola desagertu. «Liburua euskaraz egin nezakeen soilik. Nire euskara pentsamoldea ez zait behin erealdatu», erran du. Galerna obran, Xaramendi etxaldeko gizonaren bizi-esperientziaz gozatzeko parada aurkituko du irakurleak, beraz, euskara aberats batez josirik.
Liburuan, bizitzako pasarteak narratuak izateaz gain, bertso ugari aurki daitezke. Izan ere Trounday bizi guzian bertsoak idazten ibilki da. «Bertso baten egitea pentze batean hartzen duzun lili ederrenekin lore sorta bat egitea bezala da», erran du ortzaiztarrak, bertsogintzari dion maitasuna adieraztean.
3. Peio Jorajuria
Peio Jorajuria kazetariaren Inifife liburuak 2010eko apirilean zazpi lagunekin Marokora egin bidaian du abiapuntua. «Bidaia egin aitzin ez nuen batere ezagutzen Afrika iparreko eremu hura, eta ez nuen uste liburu hau argitaratzen bukatuko nuenik. Handik itzultzean piztu zitzaidan idazteko tirria», erran du Jorajuriak.Berbereen lurraldeetan ibili ziren bidaiariak, hara eta hona, herri batetik bestera gelditu gabe. Han ikusi eta ezagutu ingurumenaz zein egin ezagutza eta kulturaz mintzo da Jorajuria lanean. «Inifife hitzak, amazigeraz, mendi pasaia zail bati egiten dio erreferentzia, 900 metroko malda ikaragarri bati, zeina bertakoek iragan behar izaten duten soka bati loturik», azaldu du egileak, ikusitakoaren lagin bat aipatuz.
Arrokaz jositako ingurumenaz gain, bertako herritarrek duten bizimodu eta alaitasuna plazaratzen ditu idazleak liburuan. «70eko hamarkadan Euskal Herrian bizi ginen era berean bizi da amazigh populua: etxean urik gabe, lurrak lantzeko asto eta aitzurrarekin... Alta, telebistarik ez da falta», erran du idazleak, harritu edo ezustekoa hartu zutela agerian utzirik. Hemendik hara joandakoek Ibar Urosa deitzen dute ezagutu ingurua, eta nahiz eta gutxi izan biziki uros bizi direla azaldu du.
Emazte olerkari baten ezagutza egin izana ere azpimarratu du Jorajuriak. «Emakume hark ez zekien idazten, baina ahozko transmisioaren tradizioa atxiki zuen». Amazigh populu osoan ezaguna da emakume hori, eta Inifife liburuan aipatua da.
4. Eric Ditxarri
Hormatik hormaraino Eric Ditxarri baionarrakegin azken liburua «eredu alosterikoa literaturara inportatzeko asmoarekin egin obra bat» dela erran du egileak. Eredu alosterikoa, idazleak azaldu duenez, proteina bati ingurumena aldatzean proteina berak bere ezaugarriak aldatzen bukatzen duenean gauzatzen da. Bere kasuan proteina idazleak ordezkatu duela azaldu du, hau da, Ditxarrik, eta ingurumen erreal eta birtuala oinarri harturik lanean ibili dela.
Perturbazio kognitiboak sortzeko asmoz idazten duela azaldu du. «Nire liburua irakurtzerakoan irakurleak bere buruari galderak pausatzea da nire nahia, paradigmak aldatu eta jakintza berriak eraikitzeko bidean».
Izan ere, Ditxarrik literaturari buruz duen iritzia honakoa da: «Berrasmatzen ez den literatura desagertzen da». Autoreak azaldu duenez, idatzitako testu batzuek azalpen bat merezi dute, eta irakurleari eginiko dei bat dela azaldu du. «Orain, irakurleen gutunen zain egonen naiz».
Maiatzek Itxaro Bordaren poema liburu berri bat eramango du Sarara
Piarres Trounday, Peio Jorajuria, Eric Ditxarri eta Urtzi Urkizuren obra bana ere kaleratu du argitaletxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu