Maitasun beltza

Justin Halpernen 'Aitaren pitokeriak' liburuak umorez jorratzen ditu aita-seme harremanak

Justin Halpernen liburuak arrakasta handia lortu du AEBetan. BERRIA.
mikel lizarralde
Donostia
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Maitasun istorio bat da. Eta umore beltza dagoen bezala, hau maitasun beltzeko istorio bat da». Uxue Alberdiren hitzek laburbiltzen dute Justin Halpernen Aitaren pitokeriak (Alberdania) liburuaren tonua. Alberdik berak itzuli du liburua ingelesetik.

Aitaren pitokeriak egileak bere aitarekin izandako harremanean du oinarria. Neska-lagunak utzi eta lana galdu ostean, Halpern (Point Loma, 1980) gurasoen etxera itzuli zen 28 urterekin, eta han aita erretiratu berriarekin egin zuen topo. Aita autoritario, lehor eta zakarrarekin. Aitaren ateraldiak jasanezinak egiten zitzaizkion Halperni, baina ingenioz eta nortasunez beteak ere baziren neurri batean. Horrela, egunero-egunero Twitterren haietako bat argitaratzen hasi zen. Pixkanaka jarraitzaileak pilatuz joan ziren Halpern eta bere aitaren ateraldiak, eta gaur egun bi milioitik gora ditu.

Aitaren pitokeriak-ek Twitterren argitaratutako esaldi horien eta Halpernek aitarekin duen harremanaren kontakizunaren uztarketa egiten du. Garraztasunez batzuetan, eta umore handiarekin beti: «Aita saiatzen da semea hezten, baina pedagogia modu oso partikularra dauka», azaldu du Alberdik. Liburu osoan —150 orrialde pasatxo ditu— 500 bat aldiz agertzen da ingelesezko fuck hitza, eta hori euskaratzen izan ditu lanak itzultzaileak: «Biraoetarako normalean gaztelaniara jotzen dugu, eta saiatu naiz hitzaren zentzua galdu gabe euskaraz egoki eta ahalik eta modu aberatsenean ematen». Fuck, shit eta hell dira, hain zuzen ere, hitzik erabilienak liburuan, eta haiek itzultzeko ahalik eta oinordeko naturalean bilatu ditu Alberdik, «eta ez arranopola! eta halakoak».

Aitaren eta semearen arteko harremana bortitza izan arren, barre eragiten du harreman horrek, Justin Halpernek «grazia ere topatzen diolako aitaren izaera ia militarrari». Alberdik dioenez, liburuko materialarekin drama «izugarria» egin liteke, baina idazleak jakin du beste muturrera eramaten istorioa.

Inazio Mujika Iraolaren iritziz, «transgresorea» da Aitaren pitokeriak: «Gazteentzat oso egokia da, baina ez bakarrik haientzat. Eta hain erraz irakurria izatea itzultzailearena da».

Justin Halpernen lehenengo liburua da hau, eta arrakasta handia lortu du AEBetan, eta dagoeneko telebistarako saio ere bihurtu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.