Uda akabera aldera hain ohikoa izaten den malenkonia giroa nabari zen ostiralean Kutxa Kultur festibalean, alaia eta sosegatua aldi berean, paisaiaren ederrak eta tenperatura gozoak lagunduta —edarien prezio altuak ere izango zuen zerikusirik—. Jendetza bilduagatik —ia bukatu ziren txarteldegiko 4.500 sarrerak—, ez zen pilaketarik izan, eta Igeldoko jolas parke vintage-a inguru ezin aproposagoa bilakatu zen jaialdiaz gozatzeko: urte askoan berritu gabeko atrakzioei eta eremu osoan barreiatutako argi koloretsuei erreparatuta, irudi zuen denborak atzera egin zuela. Lilura antzematen zitzaien Kosmikarrera sartu zirenei; ostera ere umezarora itzuli azkar bat egin zuten aspaldikoz suitzar mendian ibilitakoek.
Eta suitzar mendiaren irudiak balio du agertoki nagusiko kontzertuez aritzeko ere: behetik gora lehenik, segidan apur bat beherantz egiteko. Ordubete inguruko lau kontzertu izan ziren, bis-ik gabekoak. Russian Redekoak taularatu ziren aurrena, Belle & Sebastianeko pare bat musikariren laguntzaz, artean eguzkiak gogor jotzen zuela. Soineko urdinez jantzita, adeitsu aritu zen Lourdes Hernandez. Gehienbat indie folk erritmo lasaietan mugitu ziren, baina pixkanaka emanaldiaren bizitasunak gora egin zuen, harik eta Mi canción 7-ren perkusio erritmo indartsuekin amaitu zuten arte. Une aipagarria izan zen Brian Huntekin batera Cigarettes kantu ezaguna jo zutenekoa, eta publikoan harrera ezin hobea eduki zuen. Oro har, zaleenak gustura utzi zituzten, nahiz eta giroa guztiz berotzerik lortu ez.
Ilunabarraren lehen arrastoekin batera ekin zion Manchesterko The Whip taldeak. Aurreko emanaldiarekin guztiz kontrastean, melodia bigarren planora igaro zen, techno, dance eta house-rantz jotzen zuten erritmo errepikakorrei tokia utziz. Hiruko klasikoan taularatu ziren, nahiz eta kasik abesti guztiak aurrez programatutako oinarrien gainean eraikitakoak izan. Bateria setatsu bat eta baxu jotzaile iraunkor bat lagun zituela, Bruce Carter abeslari eta gitarra jotzaileak giro bikaina pizten asmatu zuen, eta kontzertuak gora egin zuen apurka: publikoaren jauziak gero eta handiagoak ziren. Onena, hala ere, amaierarako gorde zuten: Movement entzutetsuarekin goia jo zutela zirudienean, langa are gehiago igo eta Trash jo zuten, puntaren puntan amaitzeko. Dena dela, entzuleen artean izan zen aipatu zuenik goizegi taularatu zirela ingelesak, eta akaso aproposagoak zirela jaialdia bukatzeko.
Ailegatu zen gaua, eta harekin batera, sinkronizazio perfektuan, The Raveonettesen doinu ilunak. Sune Rose Wagnerrek eta Sharin Fook osatutako bikote danimarkarra bateria batekin aritu ziren, eta hiruko soila izanagatik, instrumentazio txikiak izan ohi dituen soinu gabeziak efektu bidez betetzen jakin zuten. Shoegazing burbuila baten aurrean aurkitu zuen bere burua entzuleak, soinu distortsionatuak eragindako gandu zikinetik bi ahotsen melodia puskak arrantzatu beharrean. The Jesus and Mary Chain gogorarazten zuen giro lainotsu hark ongi funtzionatu zuen, eta bozkariozko oihuak aditzen ziren entzuleen artean. Gustura zen jendea. Ezin hobeto zihoan dena eguneko kartelburuei txanda emateko.
Eta hasi, sendo antzean hasi ziren Maximo Parkekoak. Paul Smith frontman-a, kapelua, amerikana, alkandora eta gorbata soinean, indarrez sartu zen agertokian, jarrera entseatuegiz, batzuen irudiko. Ahotsak hartu zuen garrantzia, eta Franz Ferdinanden kutsuko doinuak entzun ahal izan ziren, epikoxeagoak. Emanaldiak behera egin zuen pixkanaka, ordea, eta publikoa gose zen arren, teklatuarekin izandako arazo tekniko ugariek egoerari kalte besterik ez zioten egin. Lukas Wooller teklista haserretu egin zen azkenerako, eta abeslariak, egoera ikusita, ostiko bat eman zion teklatuari. Jendeak oihuka eta txaloka jarraitu arren, konpontzerik ez zegoen espektakulu bat pizteko azken ahaleginak baino ez ziren izan.
Malenkonia zipriztinak
Ia 4.500 lagun elkartu ziren ostiralean Igeldoko jolas parkean, Kutxa Kultur festibalean. Russian Red, The Whip, The Raveonettes eta Maximo Park taldeek gaualdi gorabeheratsua eskaini zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu