Bertsolaritza

Manex Agirre eta Martin Abarrategi nagusitu dira Arabako binakakoan

Aramaioko bikoteak irabazi du Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa. Haien atzetik sailkatu dira Unai Anda eta Iñaki Viñaspre, eta Manu Bendala eta Oihane Perea bikoteak.

Manex Agirre eta Martin Abarrategi, Legutioko finala irabazi berritan. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko maiatzaren 22a
21:46
Entzun

Aramaiora joan da Arabako aurreneko txapel bikoitza: Manex Agirre eta Martin Abarrategi gailendu baitira Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren finalean. Saio borobila josi dute biek ala biek, eta zortzi punturen aldearekin nagusitu zaie Unai Anda eta Iñaki Viñaspre bikoteari. Hirugarrenak izan dira Manu Bendala eta Oihane Perea, aldiz. 

Bi urtetik behin egiten den banakako bertso txapelketak behar zuen aurten Araban, baina izurriaren eraginez, formatuz aldatzea erabaki zuten antolatzaileek. Banaka lehiatu beharrean, binaka lehiatu dira bertsolariak txapel bikoitzaren bila. Apirilaren 17an Izarran hasi, eta Araian, Oionen, Amurrion eta Gasteizen saio bana egin ondoren, gaur egin dute finala Legution. 200 lagun elkartu dira, elkarrekiko distantzia gordeta izan bada ere. Oholtzan, sei lagun, hiru bikote izan dira lehian, eta bi txapel jokoan.  

Elkar besarkatuz, hunkituta jaso dute txapela Agirrek eta Abarrategik. Aurrenekoak Aramaioko bertso eskolari eskaini dio garaipena: «Pandemiaren erantzun gisa/ ere balio du hara/ hemen ezin da funtzionatu/taldean ez baldin bada», kantatu du. Bigarrenak, aldiz, senitartekoei, ingurukoei eta kantukideari eskaini die: «Banatu nahian gure txapela/ behar ditut konpas ta erregela/ bateko eta besteko/ asko baitut eskertzeko».

Hala geratu da sailkapena:

1.- Manex Agirre-Martin Abarrategi- 828 puntu

2.-Unai Anda eta Iñaki Viñaspre- 820 puntu

3.-Manu Bendala eta Oihane Perea 816 puntu 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.