Gainerako kantu kideen gainetik aritu dira Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre gaur iluntzean, Zigoitiko Kultur Etxean. Agirre martxoaren 21eko finalean izango da: lehen itzulian lehen postua lortu zuen, eta bigarren itzulian ere sailkapeneko goialdean da. Viñasprek baditu aukerak, baina azkeneko finalaurrekoari itxaron beharko dio finalean kantatuko duen jakiteko.
Zigoitian, larunbat honetako saioan, 343,5 puntu lortu ditu Agirrek, eta 339 Viñasprek. Felipe Zelaietak 318, Peru Abarrategik 316,5, Oier Arbinak 288,5 eta Asier Rubiok 276,5.
Sailkapen orokorrean, Agirre da lehendabiziko tokian, 695 punturekin. Oihane Perea bigarren da (674), Iñaki Viñaspre hirugarren (645,5), Ruben Sanchez laugarren (636), Felipe Zelaieta bosgarren (632), eta Iker Agirre seigarren (602,5).
Finalaurreko bakarra gelditzen da jokatzeko, eta han erabakiko dira finalista guztiak. Langraitz Okan, martxoaren 7an, 17:30ean kantatuko dute Ander Solozabalek, Iker Pastorrek, Jagoba Apaolazak, Paula Amilburuk, Xabi Igoak eta Zigor Enbeitak.