Koldo Serra zinema zuzendariak, Maru Valdivieso aktoreak eta David Martos kazetari eta kritikariak osatutako epaimahaiak Franck Khalfoun zinemagile frantziarraren Maniac saritzea erabaki du, "ikus-entzuleak hiltzailearen buruan era bitxian sartzeagatik eta beldurrezko zinemaren erreferentzia klasikoa berriro asmatzeko erakutsi duen gaitasunarengatik"
Film laburren atalean, epaimahaiak ex aequo eman die saria Jose Luis Alemanen Hotel lanari eta Koldo Almandozen Deus et machina-ri. Azken horren kasuan, "metafora xumearen eta bitxiaren bitartez, Jainkoa bera ere, agian, korporazioen boterearen esku egon daitekeela adierazteko" gaitasuna baloratu du.
Epaimahaiak Sangre de Unicornio lanari (Alberto Vazquez) eman dio Euskal Film Labur Onenaren saria. Ikus-entzuleek, berriz, Diego Modinoren Efimera film laburra aukeratu dute.
Sariak emateko ekitaldia gaur iluntzean egingo da, 19:45eatik aurrera, BBK aretoan. Bertan egongo dira, besteak beste, Aura Garrido Fartrobia 2013 sariaren irabazlea eta zinemaldiaren ohorezko saria jasoko duen zuzendaria: Pablo Berger.