Iñigo Manzisidor Mantxi eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa gailendu dira Gpuntuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan iragan den asteburuan izandako final zortzirenetako aurreneko bi saioetan. Andoaingo Bastero kulturgunean jokatu zuten lehena, larunbatean. Eta Mantxik eskuratu zuen puntu gehien: 500, zehatz-mehatz. Hurbiletik jarraitu zioten Iñigo Izagirrek (494 puntu) eta Amaia Agirrek (482,5 puntu). Eta atzetik sailkatu ziren Ander Lizarralde (471), Ane Labaka (463,5) eta Manu Goigana (418). Horrenbestez, Mantxi final-laurdenetara pasatu zen. Besteek, ordea, datozen saioetako puntuen arabera izango dute aukera hurrengo fasera pasatzeko, edo ez.
Erregular aritu ziren seiak saio osoan, baina Mantxiren freskotasuna eta ofizioetan erakutsitako abilidadea kontuan hartu zituen epaimahaiak, eta lehen postua eskuratzeko baliagarriak izan zitzaizkion.
Oro har, gogotsu jardun zuten denek, eta aleak umore ukitu batez osatzeko ahalegina egin zuten, batzuek besteek baino hobekiago lortu bazuten ere. Nolanahi den, denek eragin zituzten irriak ikus-entzuleen artean. Kartzelako saioan txukun lan egin zuten, eta egunkarian jarritako iragarki baten ondoriozko telefono deiari modu askotara erantzun zioten.
Bigarren saioa, berriz, Azkoitiko Baztartxo antzokian izan zen, igandean. Saio horretan, Xamoak ziurtatu zuen final laurdenetan lehiatzeko toki bat. 460,5 puntu bildu zituen, Xabier Sukiak baino hamar gehiago. 650,5 punturekin bigarren postuan sailkatu zen Sukia. Ibai Esoain geratu zen hirugarren (447), Gorka Azkarate laugarren (442), Gorka Maiz bosgarren (435) eta Asier Azpiroz seigarren (408).
Puntuak gorabehera, indartsu aritu ziren sei bertsolariak, maila ona erakutsiz. Umorerako aldartea ere agertu zuten, eta barre algara batean jarri zituzten ikus-entzuleak une batean baino gehiagotan. Zortziko handiko ofizioari zukua ateratzen saiatu ziren, baina gogotik ahaleginduta ere ez zuten beste ofizioetan adina gozatu.
Kartzelako saioan honako gai honi erantzun behar izan zioten: «Beste behin ere argia piztuta egin duzu lo». Ertz askotatik heldu zioten gaiari. Seme parrandazalearen zain dagoen ama, heriotzari begira bizi den aitona, haurra galdu berri duen aita... Ale politak osatu zituzten denek. Xamoa izan zen erregularrena saio osoan, eta horri eskerrak eskuratu zuen lehen postua.
Eibarren jokatuko da final-zortzirenetako hurrengo saioa, hilaren 24an, larunbatez. Eta Lazkaon hurrengoa, 25ean, igandez.
Mantxi eta Xamoa sailkatu dira Gipuzkoako final-laurdenetara
Iñigo Izagirre geratu da bigarren Andoainen, eta Xabier Sukia Azkoitian; puntuen arabera sailkatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu