Orain loriak hasiko dira: handia zen, oso handia, XX. mendeko bigarren erdiko handienetakoa, eta nolabait sailkatu egin nahiko da, hiru hitzetan laburtu bizi oso bat: azken espresionista abstraktua, margolari amerikarretan europarrena. Normala da. Zaila da bere artelanetan dagoen guztia hitzetara ekartzea, horregatik jotzen da aurrez ezarri eta erabat onartutako moldeetara, baina ez da justua, sekula ez da justua, eta are gutxiago Cy Twomblyren kasuan.
Margotzearen gozamena da Cy Twombly; horra neu ere bizi oso bat bi hitzetara ekartzeko ahalegin polizialean, nola askatuko gara? Akaso bere koadroak ikustera mugatu beharko genuke, museoak ezarritako marra beltza pasa eta xehetasunik txikienetan jarri arreta, ezer ez irakurri, ezta artelanen izenburuak ere, etxera joan eta paperak zikintzen hasi, buruan ditugun hitzak idatzi behin eta berriz, ez eskolako zigorretan ohi genuen bezala, zuzen eta tentuz, zenbat aldiz idatzi dugun zenbatuz, baizik eta eskuari erabakitzen utziz. Ez irakurtzeko idatziz. Ez ikusteko pintatuz. Hori egiten zuen berak. Arrastoa utzi leun, arrastoa utzi bortitz, iraungo ote duen asko axola gabe. Arrastoa utzi. Mundua aztarnategia da.
Bere koadroak eta eskulturak ez dira aztarnak besterik, eta mihisearen aurrean, koloreen eztanda perfektu batek liluratuta, artistak eskuekin egin zituen mugimenduak berregiten ditu ikusleak, txundituta, besoa zabal-zabal egin eta zirkuluak marrazten hasteko gai dela ikusita, esan litekeen guztia keinu bakar batean bildu daitekeela jakitun, eta txundituta, zein eder ari zaion geratzen koadroa, bera da margotzen ari dena, bera ari da ikusten ari dena pintatzen, gorri bizi urtsua brotxan hartu eta mihisean uzten, ezkerrean erdoka bat, eskuinean lerro dardarati bat, eta utzi egiten dio pinturari mihisean behera joaten—sukaldeko leiho lurrunduan marrazten zuenean tantak goitik behera joaten zirela ikustea atsegin zuen gehien, nola desegiten zuten marrazkia, nola ixten zuten zirkulua, nola uzten zuten kristala garbi, hurrengo lurrunarekin berriro marraztu ahal zezan—, pinturaren materialtasuna nahi du nabarmendu, bere izaera bizia utzi agerian, eta ez ditu mugimendu urdurien ondorioz erori zaizkion tantak ezabatzen, alderantziz, utzi egiten ditu, biribilean sartzen ditu, indartu egiten ditu, zoriak bere gisara utzitako tanta horiek dira artistaren arrastoa.
Kulturaren arrastoa
Beti dator ondo datu biografikoren bat, lagundu egiten du, ulermena ez badu gehiegi bideratzen behintzat. Cy Twomblyren bizitzan ezar daitezkeen mugarrietan seguruena artean gazte zela bere ikaskide Robert Rauschenbergekin Europara eta Afrika iparraldera egindako bidaia da. AEBetan jaioa eta hazia, mundu berri bat ezagutu zuen orduan, eta zerua ireki zitzaion: argia.
1950eko hamarkadaren hasieran izan zen hori. Hamarkada bukatzerako jarria zen Erroman bizitzen. Ez zen argia bakarrik: kultura zahar eta aberatsa aurkitu zuen artistak Europan; bere lan askotan mitologia greziar eta latinoari egiten dio erreferentzia, eta beste batzuetan, berriz, idazle klasikoen izenak utzi zituen, aipurik sinpleenarekin nahikoa dela sinistuta: Virgilio, kasu.
Bere ere klasiko bilakatua da honezkero: Louvrek, ohi ez bezala, sabaia margotzeko enkargua egin zion, eta 1994an MoMAk atzera begirakoa eskaini zionetik, mundu osoko museorik garrantzitsuenetan egon dira bere lanak ikusgai.
Cy Twomblyren estiloa grafiarekin eta zirriborroarekin lotuta dago, idaztearekin eta idaztearen ekintzarekin, baina baita ezabatzearekin ere, eta bere lanetan kulturaren arrastoa ikusten da garbi, behin eta berriro ezabatzen den palinpsesto horrekin.
Margotzearen gozamena
Cy Twombly margolari, eskultore eta argazkilari estatubatuarra herenegun hil zen, Erroman, 83 urte zituela. Haren estiloa grafiarekin eta zirriborroarekin lotuta dago, baita ezabatzearekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu